BILBO. Eskuorri horietako gehienak herriko hainbat tokitan jarri ziren hautetsontzietan batu dira, eta beste asko, parte hartzea sustatzeko egin diren batzar irekietan. Herriko hainbat auzo eta gunetan egin diren zortzi bilkuretan 210 pertsonek parte hartu dute. Emakumeak gehiago izan dira: 124 andre eta 86 gizon izan dira prozesuaren lehen faseko batzar horietan.

Lehen fasea amaituta, udalaren webgunean argitaratu da baldintzak bete dituzten proposamenen zerrenda; ikusgai dago www.galdakao.eus atarian, 'Parte hartu aurrekontuetan' atalean. Orain udal teknikariek ekarpen bakoitzaren balorazioa egingo dute, eta hori izango da bigarren galbahea. Balorazio tekniko hori egiteaz gain, proposamen batzuk bateratu egingo dituzte teknikariek. Izan ere, ekarpen asko errepikatu egin dira; berdinak edo oso antzekoak dira oinarrian, eta beraz komenigarria da bozkatzeko unean proposamen bakar gisa aurkeztea, jaso ditzaketen botoak banatu ez daitezen.

Teknikarien galbahea igarotzen duten proposamenak jendaurrean aurkeztuko dira pare bat aste barru. Zerrenda berri bat osatuko da bozkatu daitezkeen proposamenekin, eta galdakoztarrek botoa emanda erabakiko dute zein proiektu gauzatuko den.