Areatza - Hamaikagarren urtez jarraian, Aldundiak gaur, San Inazio egunean Gorbeiara igotzeko doako autobus-zerbitzua eskainiko du. “Lehenengo Gorbeibusa goizeko zazpietan irtengo da; ordu horretan igoko da lehenengo autobusa Pagomakurrera”, diote. Itzultzeko orduan, “arratsaldeko zazpietan itzuliko da handik azken autobusa”.

Goizeko zazpietan egingo du lehenengo bidaia Areatzatik (udal igerilekuetatik hurbil) Pagomakurrera igotzeko, eta bai igotzeko, baita bueltatzeko ere, “autobusak 20 minuturo irtengo dira noranzko bakoitzean”. Azaltzen duten bezala, “zerbitzu hau helburu bikoitzarekin ematen da: ingurune naturala babestea eta mendi ezagun horretako pistetan zirkulazio arazorik ez egotea”.

Horrela, ingurune natural hori “hobeto zainduko da hainbat pertsona hurbiltzen diren egun horretan”. Horregatik ere, “mendiko aparkaleku guztiak itxiko dira eta egun osoan ezin izango dira banakoen ibilgailuak hara sartu”, zerbitzu hau erabiltzako ideiarekin.

Gauzak errazteko, Area-tzara autoz doazen pertsonentzat zazpi aparkaleku prestatu dituzte Aldundiak eta Areatzako Udalak. Beste alde batetik, debekatuta egon da uztailaren 27, 28, 29, 30 eta gaur ere, Parke Naturalean “kanpatzea edo gaua igarotzea”. - I. U.