Lemoa - Gertu daude jada Lemoako jaiak. Hilaren 26tik 31ra ospatuko dituzte lemoaztarrok San Inazioak, eta programak, adin guztientzako jarduerak baditu barne. Jaien hasiera mozorroen inguruan mugituko da; lehiaketa eta kalejira izango dira jarduera nagusiak zentzu honetan, eta Lemoako koadrila askok parte hartuko dute bi hauetan, mozorro onenaren saria irabazteko asmoarekin eta batez ere, ondo pasatzeko ideiarekin. Kontzertuak eta lehiaketa gastronomikoak izango dira jarduerarik jendetsuenetarikoak, izan ohi den bezala. Lehenengoei dagokionez, uztailaren 26, 27 eta 30ean antolatu dira aurten.

Zea Mays eta Gozategi igoko dira eszenatokira festetan, besteak beste. Oxabi Erromeria Taldea, Liher, Urrats Erromeria eta Tributo M.C.D. ere daude musika-kartel honetan. Lehenengo egunean, Tributo M.C.D. eta Urrats Erromeriaren kontzertuak izango dira 23:00etatik aurrera. Hurrengo egunean, Zea Mays eta Gozategiren eskutik etorriko dira musika doinuak, baita 23:00etatik aurrera. San Inazio bezpera egunean Liher eta Oxabi Erromeria Taldearen txanda izango da. Gaueko 23:30etan emango zaio hasiera saioari Elizondoko eszenatokian. Sabela ondo bete beharra dago festetan ere, eta lehiaketa gastronomikoetan parte hartzea aukera ezin hobea da horretarako. Horrela, larunbatean, Paella, Tortilla, Gisatu eta Marmitako lehiaketak prestatu dira. Eskolako patioan aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek beren lapikoak 13:30ak arte. Gero, patioan bertan egingo dute jaietako Herri Bazkaria. Bestalde, lehenengo egunean koadrilen afaria egongo da ere, 21:00etatik aurrera herriko kiroldegian.

Astelehenean, 19:00etan Eusko Labela duen oilasko pintxo dastaketa izango da Elizondon. Txiki, gazte eta helduentzako jarduerak sartu dira programan, besteak beste, igel txapelketa, umeen-tzako jolasak, poteoa, play back lehiaketa, dantzaldia edo jolas naturalen parkea.