Haur eta nerabeak udal politiken erdigunean jarri nahi ditu Sopelak
Herriko nerabeen ustez, beraien iritzia “ez da kontutan hartzen”. Kritika hori agerian gelditu da Sopelako Udalak EHUren laguntzarekin egindako ikerketa batean
Iaz,Sopelako Udalak, galdetegi bat bidali zien Sopela BHI eta Ander Deuna Ikastolako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei, EHUko UdalHez ikerketa proiektuaren baitan. Nerabeen ikuspegitik, herriaren diagnostiko bat egitea izan da helburua, eta, guztira, 503 gaztek parte hartu dute prozesuan.
Diagnostikoan jasotako emaitzak oso interesgarriak izan dira, eta, horregatik, martxoan eta apirilean Kurtzio Kultur Etxean egindako bi saiotan, Udalak emaitza horien itzulketa egin zien bi hezkuntza zentroetako ikasleei. Era horretara, Unai del Burgo jarduneko alkateak ikasleekin partekatu zituen ikerketa honen ondorio nagusiak.
Sopelako nerabeen lehentasunak
Ikerketan parte hartu duten gazteek Sopela inguru pribilegiatua dela azpimarratzen dute, lagunekin lasai egoteko eta kirola egiteko espazio zabalak balioan jarriz. Bide horretan, herriko zenbait gune oso eragargarriak dira haientzat; besteak beste, skate pista, Urkoko instalazioak, kiroldegia, gaztelekua eta liburutegia. Dena dela, gazte horien lehentasunak dira ikerketaren alderik interesgarriena, beraien eskakizunak, alegia.
Gazteek espazio propioak nahi dituzte. Gaztetxea eta gune estaliak eskatzen dituzte, elkartzeko, lasai egoteko eta beraien aisialdiaz modu autonomoan gozatzeko guneak. Ikuspegi horrek udal eraikinen inguruko hausnarketa egitea eskatzen du, baita kale altzarien eta ekipamenduen inguruan erabakiak hartzea ere. Gaztelekua handitzea nerabeen eskakizun bat da, baita aisialdi eskaintza zabaltzea ere.
Lehentasunik premiazkoena, hala ere, Iberreko institutua handitzea da: Sopela BHI institutuko gazteek Batxilergoa izan nahi dute. Sopelako hezkuntza komunitatearen eta sopeloztarren gehiengoaren aldarrikapen historiko batekin bat egiten dute gazteek.
Bestetik, kirol instalazio berriak eskatzen dituzte, hala nola, kiroldegia eta Urkoko instalazioak berriztea eta kirola egiteko kale ekipamendu gehiago.
Hirigintzari dagokionez, trafikoa moteltzeko neurriak eskatzen dituzte, argiteria publikoa hobetzea, Bultzibideko pasarela berria eraikitzea… Finean, pertsonentzako kale erosoagoak izatea.
Mugikortasunarekin lotuta, garraio publikoa indartzea eskatzen dute. Esate baterako, Sopelbus zerbitzua eta bidegorri sarea osatzea eskatzen dute.
Aisialdi dagokionez, nerabeen ikuspegitik dibertigarriagoak diren jarduerak eskatzen dituzte. Izan ere, kritikatzen dute beraien interesak eta gustuak ez direla kontuan hartzen herriko kultur eskaintza diseinatzerako orduan.
Zer egin gazteek herrian gehiago parte har dezaten
EHUk egindako ikerketaren arabera, gazteek “entzunda sentitu” nahi dira, eta, horretarako, galdetegiez gain, gazteei parte hartzeko aukera gehiago ematea eskatzen dute, hala nola, eskolara Udaleko kideak joatea eta apunteak hartzea, edota gazte batzorde bat sortzea, udal politikei buruzko iritzia emateko eta proposamenak aurkezteko.
Aipatzekoa da gazteek aktiboki parte hartu nahi dutela Sopelaren egunerokoan; adibidez, gazteak monitoreak izatea, gazteentzako jolasak egiteko, lan komunitarioak egiteko, auzolana… Horrez gainera, Iberre institutuaren eta Ander Deuna Ikastolaren artean ekintza gehiago egin daitezkela azpimarratzen dute, herrian bi zentroek daukaten eragina areagotuz.
Unai del Burgo jarduneko alkatearen ustez, “EHUk Sopelan egindako ikerketak argi dio, gazteek izateko, egoteko eta jarduteko autonomia nahi eta behar dute: ‘izan, egon, egin’, nerabe izateko, lagunekin egoteko, gauzak egiteko, gauzak erabakitzeko autonomia. Udalaren aldetik, gazteen beharrizan hori kontuan izan behar dugu. Hor kokatzen da Sopela Herri Hezitzailea bihurtzeko dinamika”.
Sopela, Herri Hezitzailea
Sopelako Udala, EHUko UdalHez ikerketaren baitan eta Oinherri Herri Hezitzaileen euskal sarearekin batera, Sopela Herri Hezitzaile bihurtzeko lanean ari da.
Ikuspegi horren arabera, hezkuntza herriko eragile ezberdinen ardura ere badela ulertzen da, ez soilik hezkuntza zentroena eta familiena: elkarte, kirol talde, auzokide eta Udalaren ardura ere bada hezkuntza.
Eskolako hormetatik haratago doan zerbait da hezkuntza, udalerria bera, eremu hezitzailea delako. Lan ildo honen helburu nagusia, aisiaren funtzio hezitzailea indartzea da, jolasari, kulturari eta kirolari funtzio pedagogikoa emanez. Baina Herri Hezitzailea izatea hori baino gehiago ere bada: haur eta nerabeen partaidetza eta erabakitzeko ahalmena bultzatzea da udal politika guztietan, euskara eta kulturatik hirigintza zein ingurugiro politiketara.
Udal Hezkuntza Kontseilua
Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntzari buruzko abenduaren 21eko 17/2023 Legeak ekitatearen, bikaintasunaren, gizarteratzearen eta gizarte-kohesioaren printzipioetan oinarritutako euskal hezkuntza sistema eratu du, eta zeregin garrantzitsua ematen dio hezkuntza komunitatearen parte hartzeari. Bere artikuluetan berariaz aurreikusten da Udal Hezkuntza Kontseiluak sortzea, toki-eremuan kontsultarako, koordinaziorako eta partaidetzarako organo gisa, hezkuntza-zereginean erantzunkidetasuna indartzeko eta gobernantza herritarrei hurbiltzeko.
Herri Hezitzailearen filosofia oinarri hartuta, Sopelako Udala Udal Hezkuntza Kontseilua sortzeko prozesuan da, EHUko UdalHez ikerketa proiektuaren laguntzarekin. Dagoeneko, hainbat saio egin dira Sopelako hezkuntza komunitatearekin eta herriko eragile sozialekin Kontseilu horren ezaugarriak zehazteko. Beraz, ekainean, Sopelako Udal Hezkuntza Kontseilua sortu eta arautuko duen ordenantzaren tramitazio faseari ekingo dio Udalak.
Temas
Más en Bizkaia
-
En imágenes: III Edición del encuentro CB113 Emprende que organiza Cecobi en Bilbao
-
Nueve estudiantes de Boise inauguran el primer campus transoceánico de la EHU
-
Ibarrangelu encara la recta final del diagnóstico de su Plan General
-
Rekalde se sube a la bicicleta: talleres, rutas y actividades para toda la familia este domingo