Zelaieta Zentroak Andrea Aguilera, Gabriele Muguruza eta Carmen Valero artisten lanak biltzen dituen '3600 m³' izeneko erakusketa jasoko du. Obrak ostegun honetatik ekainaren 5era bitartean bisitatu ahal izango dira.
Proiektua Zelaieta Zentroko espazio propioan garatzen da, bereziki igarobide diren guneetan, hala nola atarian eta beheko solairuan. Hormak, arrakalak, leiho itxiak edota frontoia bezalako elementuak abiapuntu hartuta, erakusketak ikuslea eguneroko espazioa beste modu batera begiratzera gonbidatzen du. Artisten lanek behaketatik, intuiziotik eta formaren errepikapenetik abiatutako praktika partekatzen dute, pixkanaka beren unibertso propioa eraikiz.
Erakusketa maiatzaren 8an inauguratuko da, arratsaldeko 18:00etan, eta interesa duen pertsona oro dago gonbidatua. Ikusgai egongo da astelehenetik ostiralera 08:30etik 21:30era, larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta igandeetan 16:00etatik 20:00etara.
Marrazketa tailerra helduentzako marrazketa ikastaroko ikasleekin eta espazio bibliografikoa
'Harriak' programaren baitan, Carmen Valero artistaren eskutik helduentzako marrazketa tailerrean saio berezi bat antolatuko da. Tailer honek parte-hartzaileei sormen prozesuak gertutik ezagutzeko aukera eskainiko die.
Bestalde, erakusketarekin lotuta, espazio bibliografiko bat prestatu da udal liburutegian. Bertan, askotariko testuen aukeraketa bat bildu da, erakusketaren planteamendua osatzeko eta irakurketarako zein hausnarketarako gonbidapena egiteko.
'Harriak' programa
'Harriak' arte garaikideko programa bat da, bitartekaritza, erakusketa eta dibulgazio artistikorako espazio berriak prestatzera zuzendua. Programa Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat kultur etxetako aretotan hedatzen da, eta sortzen ari diren artista eta bitartekarien partaidetza du.
'Harriak' Eremuaken ekimen bat da, herri txikietan gaur egungo sormen-jardunbideekiko testuinguru sentikorra sortzera eta lan-prozesuak eta bitartekotza artistikoa ikusaraztera bideratua.