Pantailen erabilaren egoki eta arduratsuaren alde jokatuko du Bermeoko Udala berriro, prebenzio-lana indartuz. Horretarako, Tik-Tak-Tok astea izeneko ekimena ospatuko dute ikastetxe guztiek. Programa herriko hiru ikastetxeetan garatuko da, eta LH 5. eta LH 6. mailetako ikasleekin egingo diren tailer praktikoen bidez landuko da, besteak beste, teknologiarekiko harremana.

Programaren ardatza pantailen erabileraren inguruko hausnarketa sustatzea da, ikuspegi kritiko eta kontziente batetik. Horretarako, saioak metodologia parte-hartzaileetan oinarrituko dira, dinamika interaktiboak eta ikaskuntza dialogikoa uztartuz. Tailerretan sare sozialen eta bideo-jokoen erabilera aztertuko da, eta, era berean, ziberjazarpenaren (ciberbullying) prebentzioan jarriko da arreta.

Horrela antolatuko da maiatza:

  • Maiatzak 4–8: Sagrado Corazón Ikastetxea
  • Maiatzak 11–15: Eleizalde Ikastola
  • Maiatzak 18–22: Bermeoko Herri Eskola

Ekimen honek jarraipena ematen dio iazko ikasturtean egindako esperientzia pilotuari, Bermeoko Herri Eskolan gauzatu baitzen lehen aldiz, Familia Elkartearen eta Bermeoko Udalaren elkarlanari esker. Orduko emaitza positiboek bultzatuta, ikasturte honetan programa zabaldu eta sendotu egin da.

Proiektua

Tik-Tak-Tok izenak berak proiektuaren funtsa laburbiltzen du: gazteen artean oso hedatuta dagoen TikTok plataformari egiten dio erreferentzia, baina baita denboraren kudeaketari (“tik-tak” soinua) eta teknologia berriei (TIC/IKT) ere. Hiru elementu horien arteko loturak pantailen erabileraren inguruko kontzientziazioa indartu nahi du.

Programa Adikzioen Prebentziorako teknikariak eta kale hezitzaileak gidatzen dute, eta Bermeoko Adikzioen Prebentziorako Tokiko Planaren barruan kokatzen da. Helburua da prebentzioa eta hezkuntza uztartzea, eguneroko ohituretan eragin positiboa izan dezaketen tresnak eskainiz.