Ostiral honetan, apirilaren 30ean, Ondiz Dorreak Galdakaoko eta Leioako Haurren Kontseiluak osatzen duten 50 haur inguru jaso ditu. Bertan egindako lan saioak bi taldeei esperientziak, proposamenak eta parte hartze moduak partekatzeko aukera eman die, giro dinamiko eta elkarlanekoan.
Topaketan 50 haur inguruk parte hartu dute, eta talde bakoitzak zer egiten duen eta nola egiten duen azaldu du, nola antolatzen den, zer ekimen bultzatzen dituen eta zeintzuk diren bere inguruan gehien kezkatzen dioten gaiak azalduz. Jardunaldia elkarrekiko ikaskuntzarako gune bihurtu da, eta haurrek beste errealitate batzuk ezagutzeko, ideiak trukatzeko eta euren parte hartzearen balioa herriak hobetzeko tresna gisa indartzeko aukera izan dute.
Ekimen hau iaz hasi zen mamitzen, urrian hain zuzen, Galdakaoko Udalak bi kontseiluen arteko saio bateratua antolatzeko proposamena egin zuenean. Proposamena interes eta ilusio handiz jaso zen, eta atzo egindako saioan gauzatu zen. Topaketak balorazio oso positiboa utzi du eta etorkizunean ekimen bateratu gehiago egiteko atea ireki du.
Proposamenak ekintza bihurtuz
Galdakaoko Haurren Kontseilua proiektu aitzindaria da eta hiru urteko ibilbidea du jada. Denbora tarte horretan, herriko haurrek tokiko bizitzan aktiboki parte hartzeko aukera izan dute. Epe horretan askotariko proposamenak landu dituzte, eztabaida eta ekintza uztartuz, eta aisialdia, espazio publikoak, ingurumena eta bizikidetza bezalako gaiak jorratuz.
Orain arte, Haurren Kontseiluak guztira 58 proposamen aurkeztu ditu, eta horietatik 12 onartuak izan dira. Horrek agerian uzten du organoaren izaera aktibo eta parte hartzailea. Izan ere, haurrek euren proposamenak ekintza zehatz bihurtzen direla ikusten dute, berriki Torrezabalen Jose Miguel Olazabalaga sukaldariaren eskutik egindako sukaldaritza masterclassa esaterako.
Halako ekimenek benetako parte hartze espazioak sortzeko Galdakaoko Udalaren apustua islatzen dute, non haurrek ere beren ideiak adierazi, partekatu eta herri hobe baten eraikuntzan ekarpenak egin ditzaketen.