Abanto Zierbenako 33 langile hasi dira lanean aste honetan Abanto Lanerako Prest 2025 programari esker. Udalak iazko amaieran jarri zituen martxan lehentasunezko arreta-kolektiboentzako (CATP) hiru enplegu-proiektu integral, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan.
Kontratuak 2026ko martxoaren 16tik irailaren 15era arte izango dira indarrean. Horretarako, aurretik otsailaren 16tik martxoaren 13ra bitartean egindako prestakuntza profesionala gainditu dute.
“Programa hau Abanto Zierbenako pertsona gehien behar dutenen zerbitzura jartzen duen tresna erreal eta zehatza da. Egoera zaurgarrian dauden bizilagunei lan mundura itzultzeko aukera eman nahi diegu, berme guztiekin. Udal gobernuan argi dugu enplegu politikak ez direla hitzetan geratu behar: lurrean lan egin behar da, pertsonekin eta proiektu hauek posible egiten dituzten eragileekin elkarlanean. Hori da gure herriak eskatzen diguna, eta hori egiten dugu”, adierazi du Abanto Zierbenako alkateak, Iñaki Urrutia del Curak.
Hiru proiektu, profil profesional desberdinekin
Abanto Lanerako Prest 2025 programa udalerriko behar zehatzei erantzuten dieten hiru proiektu nagusiren inguruan antolatzen da.
- Lehenengoa multiasistentzia proiektua da, talde-arduradun batek eta hamar peoik osatua.
- Bigarrena ingurumen-agenteen proiektua da, talde-arduradun batek eta hamar agentek osatua.
- Hirugarrena agente zibikoen proiektua da, talde-arduradun batek eta hamar agente zibikok osatua.
Peoi, ingurumen-agente eta agente zibikoen lanpostuak
Lanbideren deialdian lehentasunezkotzat jotzen diren kolektiboetako pertsonei zuzenduta daude. Hautaketa prozesua 2025eko abenduaren 29tik 2026ko urtarrilaren 16ra bitartean egin zen, Lanbideren webgunearen bidez. Hautatutako pertsonek kontratua hasi aurretik egin dute beharrezko prestakuntza profesionala.
Kolektibo zaurgarriak, programaren ardatz
Peoi eta agenteentzako lanpostuak egoera zaurgarrian edo gizarte-bazterketaren arriskuan dauden pertsonei zuzenduta daude, Lanbideko zuzendari nagusiaren 2025eko irailaren 23ko ebazpenak ezartzen duen bezala.
Programan parte hartu dezakete, besteak beste: 45 urtetik gorako pertsonek; RGI edo Gutxieneko Diru-Sarrera (IMV) jasotzen dutenek; epe luzeko langabeek, hau da, azken 540 egunetan gutxienez 360 egunez enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egon direnek; eta prestakuntza maila baxua duten langabeek, DBHko titulua edo baliokidea baino maila handiagorik ez dutenek.
Halaber, programan parte hartu dezakete genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, dagokion egiaztagiriarekin; % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonek; gizarte-bazterketaren egoeran edo arriskuan dauden pertsonek, Gizarte Zerbitzuek egiaztatuta eta ELA duten mendekotasun egoerako pertsonen zaintzaile ez profesionalek.
Kasu guztietan, Abanto Zierbenan erroldatuta egotea eta Tokiko Garapen Agentzian izena emanda egotea ezinbesteko baldintzak dira.
“Programa mota hauek funtsezkoak dira, ez direlako aldi baterako kontratu bat eskaintzera mugatzen: pertsonak jartzen dituzte erdigunean, haien zailtasunekin eta aukerekin, eta aurrera egiteko tresnak ematen dizkiete. Desgaitasuna duten pertsonengana, genero indarkeriaren biktimengana edo epe luzeko langabeengana iristen ari gara, enplegu inklusiboago eta bidezkoago baten alde”, adierazi du Enplegu zinegotziak, Maitana Martínez Goirik.
Prestakuntza, kontratazioa eta lan-orientazioa uztartzen dituzten ibilbideak
Programaren diseinua ibilbide pertsonalizatuen metodologian oinarritzen da, eta hiru elementu nagusi uztartzen ditu:
- Lanbide-prestakuntza espezifikoa (100 ordu), kontratua hasi aurretik
- Zeharkako gaitasunen prestakuntza (60 ordu)
- Lan-orientazio indibiduala (6 ordu pertsonako)
Zeharkako prestakuntza eta orientazio saioak lan-ordutegitik kanpo egiten dira kontratuak irauten duen bitartean, parte-hartzaileen eguneroko lanari eragin ez diezaioten.
Kontratuek sei hilabeteko iraupena dute, lanaldiaren % 75ean, eta 2026ko martxoaren 16tik irailaren 15era luzatuko dira. Deialdia Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen du, lehentasunezko kolektiboentzako enplegu-proiektu integralen 2025eko laguntzak arautzen dituen ebazpenaren bidez.
Azkenik, adierazi da 2024-2025eko deialdian programa bereko proiektuetan parte hartu zuten pertsonek ezingo dutela edizio honetan parte hartu, salbu eta Lanbidek berariaz baimentzen badu parte-hartzaile nahikorik ez dagoenean. Udalak 2026ko irailean, kontratazio aldia amaitutakoan, programaren garapenaren eta emaitzen berri emango du.