Síguenos en redes sociales:

First Lego Leaguen Estatuko finalerako sailkatu diren Bizkaiko taldeei harrera egin die Etxanobek

Bizkaiko bost eskola-taldek hartuko dute parte Estatuko finalean

First Lego Leaguen Estatuko finalerako sailkatu diren Bizkaiko taldeei harrera egin die EtxanobekBFA

Bilboko Begoñazpi ikastolako bi taldek eta Madre de Dios ikastetxeko talde batek, Portugaleteko Eduroboticeko talde batek eta Markina-Xemeingo Bera Kruz ikastolako beste talde batek hartuko dute parte apirilaren 11n Burgosen ospatuko den FLL - First Lego Leagueren Estatuko finalean. Gaur goizean, Elixabete Etxanobek harrera egin die foru-jauregian.

Talde horiek osatzen dituzten ikasleak 10 eta 16 urte bitartekoak dira. Begoñazpi ikastolako 6 eta 9 urte bitarteko ikasleen beste talde batek ere hartu du parte ekitaldian, euren aurrerapenak erakusteko. Harrerak une garrantzitsu batekin egiten du bat: hamaika urte bete dira Bizkaiko Foru Aldundia hezkuntza-ekimen hori babesten hasi zenetik, eta, gaur egun, gazteen arteko bokazio zientifiko-teknologikoa sustatzeko nazioarteko erreferentziako programen artean sendotu da.

Euskadiko First Lego League hezkuntza-programa bat da, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak sustatzen du, eta elkarrekin antolatzen dute Deustuko Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak; izan ere, helburua da STEM talentua bultzatzea (zientzian, teknologian, ingeniaritzan eta matematikan) txikitatik, eta ikasleengan berrikuntzarekiko eta teknologiarekiko interesa piztea.

Txapelketaren edizio honetan, Bizkaiko 1.139 ikaslek hartu dute parte, eta horrek agerian uzten du lurraldea oso inplikatuta dagoela hezkuntza, berrikuntza, talde-lana, sormena, inklusioa, ikaskuntza partekatua eta antzeko balioak uztartzen dituen programa horretan.

Robotika, berrikuntza eta talde-lana erakusgai

Erakundearen harreran, Ekonomia Sustatzeko Saileko foru-diputatu Ainara Basurkok eta Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru-diputatu Leixuri Arrizabalagak ere hartu dute parte, eta Etxanoberen ondoan Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren zuzendari nagusi Leire Bilbao egon da. Horrela, taldeek aukera izan dute, batetik, azaltzeko zer den mundu osoko 110 herrialdetan egiten den nazioarteko ekimen horretan parte hartzea eta, bestetik, lehen eskutik erakusteko zer-nolako lana egin duten azken hilabeteetan.

Eskola-taldeen erakustaldietan, robotaren jokoan, erakutsi digute eurek diseinatu, eraiki eta programatu dituzten robotak gai direla autonomiaz lehiaketa-taularen gaineko misioak gainditzeko. Gainera, aurkeztu dute nolakoa izan den robota diseinatu eta programatzeko prozesua, eta azaldu dute nolako konponbide teknikoak gauzatu behar izan dituzten denboraldi honetako erronkei aurre egiteko; izan ere, denboraldi honetako desafioak arkeologia du ardatz, Unearthed izenpean.

Ekitaldian, berrikuntza-proiektuetako bat ere erakutsi dute. Bertan, taldeek urteko erronkari lotutako benetako arazo bat ikertu behar izaten dute, zer konponbide eman aztertu, eta horri heltzeko proposamen berritzaile bat egin.

Azkenik, talde batzuek azaldu dute nola landu dituzten First Lego League programaren balioak; besteak beste, talde-lana, lankidetza, errespetua eta ikaskuntza partekatua, printzipio horiek baitira nazioarteko hezkuntza-programa horren funtsezko parte bat.

Talentu gaztea Bizkaiaren ordezkari

Orain, sailkatutako bost talde horiek Bizkaia ordezkatuko dute First Lego Leagueren Estatuko finalean; beste talde batzuekin lehiatuko dira, eta nazioarteko txapelketetan parte hartzeko aukera izango dute.

Horrelako ekimenen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak STEM gazte-talentua sustatzeko eta profil zientifiko-teknologikoen harrobia sortzeko konpromisoa berresten du, lurraldea lehiakorragoa izan dadin eta etorkizun hobea izan dezan arlo horretan.