Síguenos en redes sociales:

Bizkaia Repararen bigarren edizioak emaitza bikainak lortu ditu

5.200 bonu baino gehiago trukatu dira eta 17 tona hondakin sortzea saihestu da

Bizkaia Repararen bigarren edizioak emaitza bikainak lortu dituBFA

Bizkaiko Foru Aldundia poz-pozik agertu da Bizkaia Repara kanpainaren bigarren edizioaren datuekin. Guztira 2.089 kontsumitzailek hartu dute parte, eta 5.215 deskontu-bonu trukatu dituzte. Horri esker, etxean erabili ohi diren 2.102 produktu konpondu ahal izan dira lurralde osoko saltokietan.

Trukatutako bonu guztietatik, 370 bonu 2024ko edizioko soberakinetik zetozen, eta bigarren deialdi honetan erabili ahal izan dira. Kanpainaren amaieran 155 bonu geratu dira trukatu gabe.

Zifra horiek igoera nabarmena islatzen dute lehen edizioarekin alderatuta (4.650 bonu trukatu ziren orduan), eta indartu egiten dute Bizkaiko herritarrek konponketaren alde egiten duten apustua, erabili eta botatzea ardatz duen kontsumoa alboratuta.

Parte-hartzaile guztien % 61 emakumeak izan dira (1.279), eta % 39, gizonak (810). Datu horrek agerian uzten du herritarrek parte-hartze zabala eta askotarikoa izan dutela ekimenean.

Bultzada hori Bilboko Merkataritza Ganberari, BizkaiDendak, BilbaoDendak eta Cecobiri esker izan da, kanpainan parte hartzeko deia egin baitiete Bizkaiko saltoki guztiei. Bizkaia Repararen helburua produktuen konponketa sustatzea eta euren balio-bizitza luzatzea da, hondakin gutxiago sortzeko eta kontsumo arduratsuagoa eta jasangarriagoa bultzatzeko.

17 tona hondakin sortzea saihestu da

Kanpainaren ingurumen-inpaktuak ere nabarmen egin u gora. Kalkulu zenbatetsiaren arabera, Bizkaia Repara-ri esker 17 tona hondakin inguru sortzea ekidin da; lehen edizioan, berriz, 14 tona inguru berreskuratu ziren. Datu horiek berretsi egiten dute kanpainaren eraginkortasuna produktuen balio-bizitza luzatzeko eta baliabide naturalen gaineko presioa murrizteko.

Lurralde historiko osoan ezarri da

Kanpainak lurralde-ezarpen zabala izan du. Bilbon trukatu dira bonu gehien: 1.794. Ondoren, Getxon (611), Basaurin (291), Leioan (258), Gernikan (253) eta Santurtzin (243). Aurrekoei, beste udalerri asko gehitu zaizkie, hala nola Ondarroa, Bermeo, Erandio, Amorebieta-Etxano, Ermua, Markina-Xemein, Mungia edo Portugalete. Ekimenak Bizkaian duen irismena islatzen dute guztiek.

Ehunak, teknologia eta etxetresna elektrikoak, gehien konpondu direnak

Konponketen tipologiari dagokionez, trukatutako bonu gehien izan duen kategoria ehunaren eta osagarrien konponketarena izan da (1.101 bonu); gero, etxean erabiltzen diren ordenagailuen eta periferikoen konponketarena (993) eta etxetresna elektrikoen eta etxerako eta lorategirako ekipoen konponketarena (896). Aipatzekoak dira, halaber, oinetakoen eta larruzko artikuluen konponketak (854) eta erloju eta bitxiena (535).

Emaitza horiek agerian uzten dute askotarikoak direla konpon daitezkeen ondasunak eta tokiko merkataritza espezializatuak funtsezko zeregina duela kontsumo-eredu jasangarriagorako trantsizioan.

Ekonomia zirkularrarekiko konpromisoa

Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak esan duenez, bigarren edizio honetako datuek erakusten dute Bizkaiko herritarrek gero eta apustu sendoagoa egiten dutela konponketaren alde, aukera bideragarria, ekonomikoa eta arduratsua dela uste baitute. Erantsi du trukatutako bonuen kopuruak eta sortu ez diren hondakinen bolumenak gora egiteak indartu egiten duela ekonomia zirkularra sustatzen duten eta tokiko konponketa-sektoreari laguntzen dioten ekimenak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa.

Bizkaia Repara kanpaina Bizkaiko Toki-eskumeneko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030erako Planaren (BHPKPI) barruan sartzen da. Plan horren lehentasunezko helburua da prebentzioa, berrerabilera eta konponketa bultzatzea, funtsezko zutabeak baitira garapen jasangarriagoa eta ingurumena gehiago errespetatuko duena lortzeko bidean aurrera egiteko.