Palestinako herriak, eta bereziki Gazako Zerrendako biztanleek, bizi duten egoera larriak nazioarteko elkartasun adierazpen ugari eragin ditu azken urteotan. Gazatik iristen diren irudi gogorren aurrean, gizarteak askotariko ekimenen bidez erakutsi du bere babesa, eta hainbat sortzailek artearen bidez erantzutea beharrezkotzat jo dute. Sentsibilizatutako artistek, sorkuntza artistikoa adierazpide hartuta, Gazan eta munduko beste hainbat lekutan gertatzen ari diren injustiziak salatzeko konpromisoa hartu dute, giza eskubideen urraketak agerian utziz.
Testuinguru horretan, Eskuhaldunak Eskultoreen Elkarteak 'GAZAko garrasia' izeneko eskultura erakusketa antolatu du, Gazako herritarren sufrimendua eta bizi duten egoera gogorra ikusgai jartzeko. Elkarteak artea tresna bihurtzen du salaketarako eta kontzientzia pizteko, eta bertako artistek argi adierazi nahi dute Gazan bizi den egoera larria ezin dela normalizatu, ezta isilarazi ere.
Eskultura erakusketa: otsailaren 3tik 27ra ikusgai
40 artelan baino gehiagok eta azalpen panelek osatzen dute erakusteka hau, eta Gazako egoera ikuspegi artistiko eta kritiko batetik ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen du. Artelanak, sorkuntza artistikoaren bitartez, Gazako herritarren bizi duten sufrimendua eta errealitatea hurbiletik erakusten dituzte, bisitariek testuingurua eta mezua modu osatuan ulertzeko aukera izan dezaten. Parte hartzen duten artistek, tartean Rouhaifa Kassem artista gazatarra, gaur egun Bilbon bizi den errefuxiatua, beren lanen bidez Palestinako herriak jasaten duen injustizia salatu eta ikusgarri egin nahi dute, eta Gazako biztanleen ahotsa zabaltzea dute helburu nagusi.
Erakusketa asteartean inauguratuko da, otsailaren 3an, 19:00etan, Erakusketa Gelan, bisita gidatu batekin; sarrera doakoa izango da. Otsailaren 3tik 27ra egongo da ikusgai, eta bisitariek Gazako errealitateaz gogoeta egiteko aukera izango dute, bai ikuspegi artistikotik, bai giza eskubideen ikuspegitik.
Amorebieta-Etxanoko Udalak kultura ekimenen eta giza eskubideen aldeko sentsibilizazio jardueren bidez herritarrak kontzientziatzeko duen konpromisoa berretsi du, eta arteak errealitate konplexuak ulertzeko eta eztabaida soziala sustatzeko duen balioa azpimarratu du.