Metroaren 4. linea errealitate bihurtuko da. Deustu/Unibertsitatea, Parkea, Moyua, Irala, Errekalde, Basurtu eta Zorrotza geltokiak orain arteko bideei gehituko zaizkie, Matiko eta Alonsotegirekin lotuz. Ostiral honetan goizean, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak akordio horren xehetasunak aurkeztu dituzte.
Bi erakundeek adostu dutenez, Euskal Trenbide Sarea (ETS) Eusko Jaurlaritzaren ente publikoak gauzatuko ditu proiektuak eta Matiko eta Errekalde arteko obrak -Basurtura hurbiltzea barne-. Era berean, 4. linea honek Enkarterriren eta Bilboren artean orain dagoen trenbide azpiegitura baliatuko duenez, eta azpiegitura hori ADIFen jabetzakoa denez, bi erakundeek konpromisoa hartu dute kudeaketa hori aurrera eramateko izapide guztiak egiteko.
Gaur goizean, Bilboko Errekalde auzoan, akordio honen berri eman dute Imanol Pradales Lehendakariak, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak. Hirurak ere bat etorri dira honetan: garrantzitsua da azpiegitura honek Bizkaian eta Euskadin arrakasta handiena duen garraio publikoa −alegia, Metroa− Bilbo hegoaldeko auzoetara eta Enkarterri eskualdera eramatea.
Lehendakariak sakoneko lau konpromiso nabarmendu ditu: emandako hitza, akordioen eta lankidetzaren balioa, herrialdearen eraikuntza eta konektibitatearen eta mugikortasun iraunkorraren aldeko apustua. Testuinguru horretan, Pradalesek azpimarratu du Euskadin "Euskal Garraio Publikoaren Sistema moderno, eroso, azkar eta eskuragarriaren aldeko apustua" egiten dugula. Trena, bere modalitate guztietan, orainaldiko eta etorkizuneko funtsezko pieza da".
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiaren ahotan, "4. Linea honi esker, Metroa garraio publikoaren eta Bizkaiko gizarte- eta lurralde-kohesioaren zutabe nagusi gisa finkatuko da, eta Enkarterriko eta Bilbo hegoaldeko auzoetako bizilagunen mugikortasun eskaerei erantzungo die. Era berean, garraio publikoak lurralde-kohesiorako duen garrantzia sendotzen du, eskualdeak eta hiriburua −Bilbo− konektatzen baititu".
Susana García Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak aldarrikatu duenez, "akordio honen bidez, Bizkaiko hiritarren zati handi baten mugikortasuna zehaztuko duten oinarriak finkatu ditugu. Ziur aski, mugikortasun horrek gure garraio-ohiturak aldatuko ditu, gero eta eskuragarriagoak, erosoak eta jasangarriagoak izango dira." Ildo beretik, García Chuecak azpimarratu du bere xedea dela 2027an Errekalde auzoan hastea lanak eta bere irudiko 4. Linea hau "Bizkaiari falta zaion mugikortasun azpiegitura handietako bat da; aurretik lan eskerga daukagu, bai eta herritarrekiko konpromiso sendoa ere, alegia, linea hau egia bihurtzea, bere konplexutasun osoa barne. Auzotarrek denbora gehiegi daramate linea honen zain".
Akordioa
Adostasun hau Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko elkarrizketen uzta da; hemendik aurrera, izenpetu aurretik, barneko izapidetze administratiboari ekingo zaio. Hitzarmenak jasotzen duenez, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du finantzazioaren % 55; eta Aldundiak gainerako % 45a; Aldundiaren kasuan, gehienez ere 200 milioi 2032ra arte.
Beraz, akordio honen atzean, beste urrats bat gehiago eman da erakunde bien arteko lankidetzan. Elkarlan horren oinarri nagusia Bizkaian dauden trenbideak modu mailakatuan garatzea eta egokitzea izan da, azpiegitura horiek guztiak moderno eta efiziente bihurtu ahal izateko. Eskualdeak eta herritarrak lotuko dituen garraio zerbitzua jomugan, helburua da lurralde-kohesioa eta trenbide-garraioa garatuz egituratzea Bizkaia, betiere mugikortasunerako erdigunetzat hiriburua hartuta.
Testuinguru honetan garatu dira Metro Bilbaoren lineak: hasierako 1. Linea eta 2. Linea; 3.a; eta une honetan eraikitzen ari den 5.a, zeina Eusko Jaurlaritzaren menpekoa den Euskotrenek kudeatzen baitu. Etorkizuneko 4. Linea ere Euskotrenek kudeatuko du.
Metroaren linea berri hau 3. Linearen luzapen gisa ulertzen da, hain justu ere, Errekaldeko eta Iralako auzokideei zerbitzua eskaintzen dien ibilbidea osatzeaz gain, Bilbo hegoaldera eta Enkarterrira ere ailegatzeko; ildo beretik, gune horietan hobekuntza egin behar dira egungo aldirietako tren sarearen eta Bilbo inguruaren artean.
Egindako ikerketen argitan, konponbiderik egokiena da 4. Linea gaur egungo zabalera metrikoan (ADIF RAM) sartzea. Une honetan, FEVEren linea batzuek bide hori erabiltzen dute Bilbo erdigunera hurbiltzeko. Egokitzapen horiei esker, Basurtuko Ospitalea Bilboko Metroko sarearekin lotu ahalko da.
Bizkaiko Foru Aldundiarentzat eta Eusko Jaurlaritzarentzat lehentasunezkoa da Matiko eta Errekalde arteko metroaren 4. Linea hau eraikitzea eta abiaraztea (Basurtura hurbiltzea barne), bai eta Bilboko Hiri Trenbidean sartzea ere. Horretaz gain, 4. Linea Errekalde eta Zorrotza artean garatzea eta Alonsotegin (Irauregin) Enkarterriko trenbide sarearekin lotzea lehentasuna da gaur aurkeztutako hitzarmenaren arabera.
Azken esku-hartze hori Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundiaren eskumenetatik haratago dauden izapide administratibo batzuek baldintzatzen dute, hori horrela izanik, aurrerago garatuko dira. Adostutako hitzarmenari jarraiki, bi administrazioek konpromisoa hartu dute beharrezko harreman instituzional guztiak bideratzeko, lekualdaketa hori errazteko eta azkartzeko.
Obrak 2027aren amaieran
Matiko eta Errekalde arteko tartea dela eta, ETS bere azterketa informatiboa eta eraikuntza-egitasmoak eguneratzen ari da, horrela, izapideak azkartzeko. Ikerketa informatiboak Matiko geltokia du abiapuntu, 6,7 kilometroko luzera du, eta barnean hartzen ditu Basurturako hurbilketa eta Deustu/Unibertsitatea, Parkea, Moyua, Zabalburu, Irala eta Errekalde geltokiak. Egitasmoak bukatu ondoren, lizitazioak aterako dira, hortaz, itxura guztien arabera, obrak 2027aren amaieran hasi ahalko dira, Errekalden. Obraren fase honen hasierako aurrekontu zenbatetsia 412 milioi eurokoa da, zeina eguneratu beharko baita eraikuntza-egitasmoen arabera.
Eskumenak kudeatzeko administrazio-lanak egiteaz gain, gaur egungo Enkarterriko lineak metroaren 4. Linearekin uztartu ahal izateko obrak azkartzea helburu, Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriaren Sailak bi esku-hartze nagusiei buruzko kudeaketa-gomendioa eskatuko dio ADIFi, alegia, alde batetik, trenbidearen Zorrotzako hiri-integrazioari buruzkoa, eta, beste alde batetik, Zallan gaur egun dauden bi trenbide-pasaguneei buruzkoa.
Hitzarmena 2034ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, luzagarria da, eta jarraipena egiteko erakunde arteko batzorde bat izango du, Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriaren Saileko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Euskal Trenbide Sareko hainbat ordezkarik osatutakoa.