Síguenos en redes sociales:

Zabalik herrietako azoken azpiegiturak berritzeko laguntzak arautuko dituen dekretuaren kontsulta publikoa

Programaren aurrekontua milioi erdi eurokoa izango da

Zabalik herrietako azoken azpiegiturak berritzeko laguntzak arautuko dituen dekretuaren kontsulta publikoaBFA

Bizkaiko Foru Aldundiak 500.000 euroko aurrekontua bideratuko du herrietako azoken azpiegiturak berritzeko. Dagoeneko zabalik dago laguntza horiek arautuko dituen dekretuaren kontsulta publikoa.

Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako sailak, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko sailarekin koordinatuta, azoka-espazioak seguruagoak, irisgarriagoak eta eraginkorragoak sustatzeko bultzatu du ekimen hau, baserritarrek errazago sal ditzaten beren produktuak. Programa horren bitartez gaur egungo laguntzen sistema indartu eta sendotu nahi du Aldundiak, hazten ari den hurbileko produktuen eskarira egokitzeko eta nekazaritzaren sektorearen kohesioa eta garapena sendotzeko.

Proiektatu den dekretuaren bidez arautuko da nola emango zaizkien dirulaguntzak udalei beren eskumeneko lurraldean dauden janariak lantzen eta prestatzen dituzten baserritarren azoken azpiegiturak konpontzeko edo haietan inbertsioak egiteko. 

Aurten, 2025ean, egindako jarduketak eta 2026an eta 2027an egiteko asmoa dagoen jarduketak onartuko dira dirulaguntzarako. Programa honetarako 500.000 euro ipini dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Toki Erakundeen Legearen arabera toki erakundeek udalerriko merkataritza antolatzeko eta kudeatzeko dauzkaten eskumenen barruan.

Dirulaguntza jaso dezaketen jarduketak

Bizkaiko Foru Aldundiak udalen eskumeneko ondasun hauek konpontzeko edo horietan inbertsioak egiteko dirulaguntzak emango ditu:

  • Janariak lantzen eta prestatzen dituzten baserritarren azoketako eraikinak, lokalak, instalazioak eta ekipamenduak.
  • Janariak lantzen eta prestatzen dituzten baserritarrek azoketan erabiltzen dituzten edo haien zerbitzurako ipinitako altzariak.

Dekretu hau emateko arrazoiak

Bizkaiko Foru Aldundiaren iritziz udal azokak ezinbestekoak dira baserritarren eta herritarren arteko harremanetarako. Jendeak geroz eta hurbileko produktu gehiago nahi ditu, eta hori oso onuragarria da:

  • Denboraldiko janariak eskaintzen direnez, kontsumo jasangarriagoa sustatzen da.
  • Garraio-ibilbideak laburragoak direnez eta produktuak biltegian denbora laburragoa eman behar dutenez, emisioak murrizten dira.
  • Bitartekari gutxiago daude, eta horri esker irabaziak gehitzen dira eta janari gutxiago galtzen da alferrik.
  • Herritarren artean kontzientziazioa sortzen da produktuen jatorriaren eta elikagai-katearen trazabilitatearen inguruan.
  • Azokek herriko enplegua eta nekazaritzaren garapena bultzatzen dituzte, bai eta belaunaldien erreleboa eta ustiategi txikiak ere.

Kontsulta publikoa Bizkaiko Lurralde Historikoko toki erakundeen artean egingo da batez ere. Nolanahi ere, interesa duten beste eragile batzuek ere parte har dezakete, esaterako landa-garapeneko agentziek eta lehen sektorearen elkarteek.

Prozesu honetan Bizkaiko Foru Aldundiak herritarrak eta arlo honetako eragileak gonbidatzen ditu, beren ekarpenen bidez lagundu dezaten herrietako janari-azokak eta nekazaritzako elikagaien eredu jasangarria, hurbilekoa eta landa-ingurunean eragin positiboa daukana sendotuko dituen arau-esparrua zehazten.