Kanadako Elkarte Geografikora heldu da 'Selma Huxley euskaldunen aztarnen bila Terra Novan' erakusketa
Selma Huxley-ri buruzko erakusketa da, Terra Novako XVI. mendeko euskal baleazaleen presentziari argia eman zion historialaria
Ottawa hirian kokatutako Kanadako Elkarte Geografikoan aurkeztu zuten atzo, azaroaren 21ean, Selma Huxley: euskaldunen aztarnen bila Terra Novan. XVI. mendea erakusketa ibiltaria, lehenengo geralekua izango denean.
Prentsaurrekoan izan dira Leixuri Arrizabalaga, Itsasmuseum Bilbaoko presidentea eta Euskara, Kultura eta Kirol diputatua, John Geiger, Kanadako Elkarte Geografikoko presidentea, Michael Barkham, erakusketaren komisarioa eta Selma Huxleyren semea, eta Alfredo Martínez, Espainiak Kanadan duen enbaxadorea. Euskal ordezkaritza Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria den Begoña de Ibarrak eta Itsasmuseum Bilbaoko zuzendariak, Jon Ruigomezek, osatuko zuten.
Huxleyren lanaren epizentroa den Kanadara bidaiatzen duen erakusketak, museoaren XX. urteurrena dela eta, Itsasmuseum Bilbaon 2023an aurkeztu zenaren egokitzapen bat da, eta ikerketa eta dokumentazio lan zabal baten ondorioa da. Orduan bezala, Laboral Kutxa eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa izan du, eta oraingoan Espainiak Kanadan duen enbaxadarena ere.
Lau bloke tematikoz eta hogeita hamarren bat panelez osatua dago, eta Euskal Herriko XVI. eta XVII. mendeetako itsas historian eta Terra Nova-ko euskal baleontzi eta bakailao-ontzietan aditua den Michael Barkham izan du erakusketaren zuzendaritzaren arduraduna. Testu guztiak bi hizkuntzatan aurkezten dira: ingelesez eta frantsesez, eta aretoan banatutako QRen bidez euskaraz eta gaztelaniaz ere irakur daitezke.
Erakusketa
Selma Huxleyren (Londres, 1927ko martxoaren 8a - Chichester, 2020ko maiatzaren 3a) bizitza ezagutzeko ibilbide bat proposatzen du. Zientzialarien artean aitzindaria izan zen Huxley, zientziarenganako ardura eta konpromisoa ardatz izan zituen nazioarteko historialaria. Haren lana oso garrantzitsua izan zen Euskadiko eta Kanadako itsas historiarako; euskaldunek XVI. eta XVII. mendeetan Terra Novan, egungo Kanadako kostalde atlantikoan, egindako euskal espedizioak aztertu zituen, oso datu gutxi baitzeuden garai historiko horri buruz.
Lau multzo tematikoz osatua, Terra Novako euskal balea-industria emakume bikain honen lanaren bidez ezagutzeko aukera ematen du erakusketak. Lehenengoa, Selma Huxley eta euskaldunak Kanadan deritzona, haren familian, gaztaroan eta haren bizitza markatu zuten eta harengan Kanadako euskaldunen historiarenganako interesa piztu zuten gertaeretan oinarritzen da. Bigarrenak, Artxiboetan barna deritzonak, Huxleyren ikerketa-lan zorrotza eta lanean erakutsi zuen iraunkortasuna azaltzen ditu. Zeregin hori funtsezkoa izan zen; izan ere, penintsula osoko 40 artxibategi inguru aztertu ondoren, Euskadiren eta Kanadaren arteko merkataritza-loturei buruzko oso dokumentazio garrantzitsua aurkitu zuen Burgosko Artxiboan. Informazio hori aurkikuntza garrantzitsua izan zen balea-industriari buruz egin zituen ikerketetarako, eta, ondoren, beste esparru batzuetan aurrera egin ahal izateko, hala nola arlo historikoan eta arkeologikoan. Hirugarren multzoa, Berreraikuntza historikoa deritzona, haren ikerketaren emaitza da, euskaldunek Terra Novan izan zuten presentziari buruzko kapitulu historikoa. Azkenik, laugarren multzoak, Aurkikuntza arkeologikoak izenekoak, ondorengo espedizioetan, berak gidatutako edo sustatutako espedizioetan, egindako aurkikuntzak aurkezten dira: XVI. mendeko euskal balea-baseen aztarna arkeologikoak eta han hondoratutako euskal galeoiak.
Hainbat panelek osatzen dute multzo bakoitza, eta Huxleyk aurkitutako dokumentu historikoen irudiak eta erreprodukzioak biltzen dituzte. Gainera, beste museo eta erakunde batzuek, hala nola Euskal Museoak, Arkeologi Museoak, Arrantzaleen Museoak, Butroeko Plasentia Museoak, Donostiako Aquariumak eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek lagatako zenbait pieza nahiz familia-artxiboko zenbait objektu eta irudi ere jasotzen ditu erakusketak, aurretik inoiz erakutsi gabeak. Horrez gain, Selmaren ahotsa entzuteko eta haren lan egiteko moduari buruz hitz egiten entzuteko aukera ematen digute ikus-entzunezko pieza batzuek.
Selma Huxleyren bizitza
1927an jaio zen, intelektualez eta zientziarekin lotutako pertsonez osatutako familia batean; besteak beste, honako hauek dira nabarmentzekoak haren senideen artean: politikariak, biologoak, UNESCOko lehen zuzendaria, Medikuntzako Nobel saridun bat eta Aldous Huxley idazlea.
1972an iritsi zen Selma Bilbora, alargun geldituta eta bere ardurapean lau haur txiki zituela, Mexikon hiru urtez bizi ondoren hizkuntza ikasteko. Guzti honen asmoa ikerketa sakon bat egitea zen penintsulako hainbat artxibategietan, hala nola, Tolosakoa, Bilbokoa, Burgoskoa, Madrilgoa, Valladolidekoa, Sevillakoa eta baita Lisboakoa ere. Terra Novan balearen harrapaketan euskaldunek XVI eta XVII. mendean izan zuten tokia ezagutzea zen haren helburua; Kanadan aurreko urteetan historialari moduan jorratutako lana eta bere interesa piztu zuena. Azterketa horren ondorioz, euskaldunen itsas ekonomiaren hainbat sektoreri buruzko aurkikuntza dokumental, historiko eta arkeologiko garrantzitsuak egin zituen, hala nola merkataritzaren, arrantzaren eta ontzigintzaren sektoreetan.
Balea-industriaren ondorioz Euskadik eta Kanadak XVI. mendean Labrador penintsulan lotura estua zutela erakutsi zuten ikerketa horiek, eta horixe adierazten dute erabilitako balea-portuek, aztarna arkeologikoek eta hondoratutako galeoiek ere; 1565ean, Red Bayn, Labradorren hondoratu zen San Juan itsasontzia da horren adibide.
Huxleyk egindako ekarpen handien artean, garai hartan Badia Handia izenez ezagutzen zenaren lurralde-mugaketa eta euskal baleontziek Kanadan arrantzatzeko erabiltzen zituzten portuen kokapena nabarmendu behar dira. Gainera, portu haietako gehienak gaur egungo izenarekin identifikatzea lortu zuen; garrantzitsuena Red Bay izan zen, 1979an Kanadako Gune Historiko Nazional izendatutakoa eta UNESCOk 2013an Gizateriaren Ondare gisa aitortutakoa.
Bereziki garrantzitsuak dira Selma Huxleyk bere ikerketetan aurkitutako hiru eskuizkribu, Kanadan idatzitako jatorrizko dokumentu zibil zaharrenak direlako: txalupa batzuen salmenta, 1572ko datarekin, eta 1577 eta 1584ko bi testamentu.
Huxleyren lanak nazioarteko aitortza jaso du. Horrela, 1981ean, Kanadako Ordenaren izendapena jaso zuen, herrialde horrek ematen duen sari zibil gorena; 2014an, Eusko Jaurlaritzak Lagun Onari saria eman zion, Euskal Herriko itsas historiari egindako ekarpenagatik, eta Espainiako Elkarte Geografikoak Nazioarteko SGE Saria eman zion 2018an.
Gainera, 1992tik, Bilboko Kontsula da Selma Huxley, eta Itsasmuseum Bilbaorekin harreman estua izan zuen du hasieratik. Esate baterako, oso modu aktiboan parte hartu zuen museoaren hamargarren urteurrenean, erakundearen historian esanguratsuak izan diren beste pertsona batzuekin batera bideo bat grabatuz eta botila batean honako desira hau sartuz: "Sinestezina da hogei urte hauetan zenbat gauza gertatu diren. Miraria da. Aurrerantzean ere berdin jarraitzea espero dut."
Selma Huxley 2020ko maiatzaren 3an hil zen, Euskadiko eta Kanadako itsas historia aldatu zuen ondare profesional garrantzitsua utzita, bai eta bizitza pertsonal zirraragarria ere. Erakusketa 2024ko apirilaren 7ra arte bisitatu ahal izango da Itsasmuseumen.