Síguenos en redes sociales:

Mapping argizko ikuskizun zirraragarri bat Foru Jauregiaren 125.urteurrena ospatzeko

Gaurtik hasi eta azaroaren 27ra bitartean ikusi ahal izango da, 19:00etatik 21:00etara

Mapping argizko ikuskizun zirraragarri bat Foru Jauregiaren 125.urteurrena ospatzekoBFA

Aurrera doa Bizkaiko Foru Aldundia Foru Jauregiaren 125. urteurrenaren ospakizunekin. Oraingo honetan, eraikinaren fatxada historia kontatzeko mihise bihurtuko da, mapping argizko ikuskizun zirraragarri batean.

Gaurtik hasi eta azaroaren 27ra bitartean, 19:00etatik 21:00etara, oinezkoek eta bisitariek aukera izango dute kaletik gozatzeko Bizkaiaren historia sormenez eta irisgarritasunez kontatzen duen ikusizko esperientzia paregabe horretaz.

Egun hauetan Foru Jauregi enblematikoan proiektatutzen den argizko ikuskizun hori ekitaldi nagusietako bat da Bizkaiaren ondare historiko eta arkitektonikoa herritar guztiei era berritzailean eta partizipatiboan ezagutarazteko antolatutako ospakizunen barruan.

Jarduera horrekin batera, azaroan eta abenduan, bisita musikatuak egiten ari dira Foru Jauregiaren barruan. Ordubeteko ibilbide horietan, leku bereziak ezagutzeko aukera dago, hala nola beiratea, bilkura-aretoa, ispiluen aretoa eta harrera-aretoa, une oro zuzeneko musika jotzen den bitartean.

Asteburu honetan, Bilboko Abesbatza Elkarteak soinu-banda jarriko die bisita horiei, interprete bikain hauekin, besteak beste: Haurren Korua, Marion Desjacques harpalaria, Marta Ubieta sopranoa eta Koru Sinfonikoa. Abenduan, berriz, Bilboko Orkestra Sinfonikoak (BOS), txanda hartu, eta esperientzia musikal sinfonikoa eskainiko die bisitariei.

Proposamen kultural bikoitz horrek indartu egiten du Foru Aldundiak Foru Jauregia lurraldearen ikur bizi gisa erakusteko duen konpromisoa. Horretarako, artea, historia eta musika batu dira, herritarrek modu berri eta harrigarrian jaso eta goza dezaten haren ondarea.