Sexu-abusuen biktimentzako foru-programak 600 adingabe baino gehiago lagundu ditu
Umeen Zerbitzuak duela 25 urte bultzatu zuen Euskadin aitzindaria den proiektu hau, babesa, arreta terapeutikoa eta erakundeen arteko koordinazioa uztartzen dituena
Hogeita bost urte pasa dira Bizkaiko Foru Aldundiak, Gizarte Ekintzako Umeen Zerbitzuaren bitartez, umeen sexu-abusuko egoeretan balorazio eta esku-hartze psikologikorako programa espezializatu bat martxan jarri zuenetik.
Programa hau gero eta kasu gehiago jasotzen zirelako eta sexu-abusuen biktima ziren adingabeei arreta espezifikoa, sentikorra eta erreparatzailea eskaintzeko premia larria zegoelako sortu zen; baina, aldi berean, baita jatorrizko familiei, harrera-familiei eta harrera-zentroetako talde profesionalari sendatze-prozesuan laguntzeko ere. Biktimei eta haien inguruneei emandako arreta integral hau aitzindaria izan zen orduan Euskadin, eta, gaur egun, erabateko erreferentea da Estatuan.
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek, eta Gizarte Ekintzako foru diputatuak, Amaia Antxustegik, programaren 25 urteak ospatu dituzte gaur, eta hasierako urte haietatik gaur egungo egitura finkatu arte izan duen bilakaera argia nabarmendu dute. Ekitaldia Agintzari Kooperatibaren egoitzan egin da, erakunde hori baita programaren kudeatzailea hasieratik, eta bertan txakurrekin lagundutako terapiaren erakustaldia egin da.
Umeen sexu-abusua umeen aurkako indarkeria modu larri eta konplexuenetakoa da. Bere esku-hartzean Ahaldun Nagusiak balioa eman die babesa, arreta terapeutikoa eta koordinazio instituzionala uztartzen dituen programaren jarduera-ereduari eta espezializazio handiari, betiere adingabearen ongizatea esku-hartzearen erdigunean jarriz.
Umeen sexu-abusuko egoeretan balorazio eta esku-hartze psikologikorako programa espezializatuak 166 kasurekin egiten du lan gaur egun, eta datu honek urteen joanean goranzko bilakaera argia gertatu dela erakusten du. Horrela, hasieran 8-12 kasurekin lan egiten zen; urtez urte, ordea, espedienteak ugarituz joan dira: 110 2023an, 135 2024an eta 166 2025ean (gaur egun).
Elixabete Etxanobek azaldu duenez, Umeen Foru Zerbitzuak landutako kasuen gorakada ez dago sexu-indarkeria hori areagotzearekin lotuta, baizik eta detekzio goiztiarra hobetzearekin eta lehen haurtzaroko esku-hartzea hobetzearekin, bai eta umeen sexu-abusuaren inguruko isiltasuna eta estigma hausteko gizarte-sentsibilizazio handiagoarekin ere.
Prestakuntza espezializatua
Indarkeria-egoerak garaiz detektatzea funtsezkoa da eta programaren helburu nagusietako bat zen. Horretarako Bizkaiko Foru Aldundiko Umeen Zerbitzuko zein Agintzariko talde profesionalak prestakuntza maila handia egiaztatzen du, eta erreferentzia da estatu mailan.
Ildo horretatik, prestakuntza funtsezkoa da programa honetan. 25 urte hauetan, Bizkaiko 2.000 profesional baino gehiagori prestakuntza, laguntza eta orientazioa eman zaie, hainbat esparrutan, hala nola Hezkuntzan, Osasunean, Gizarte Zerbitzuetan eta Justizian. Eta beste komunitate batzuetako talde psikosozialei ere irakatsi zaie arlo horretan.
Gainera hasieratik profesionalentzako kontsulta-kanal bat ere badago, umeen sexu-abusuarekin lotutako 1.000 kasu baino gehiago artatu dituena.
Terapia txakurrekin
Gaurko ekitaldian Rosa Lizarraga terapeutak parte hartu du eta Nekane Ibarretxek, txakurrekin lagundutako esku-hartzean espezializatutako psikologoak, terapia berritzaile baten erakustaldia egin du. Ibarretxerekin Pantxita eta Koko txakurrak egon dira eta nabarmendu du joan den astean Euskadin lehen aldiz, euskal epaitegi batek biktima adingabe batek terapia-txakurrekin batera egin duen deklarazioa onartu duela. Psikologoa bera eta bere txakurrak izan ziren prozesu judizialean parte hartu zutenak, eta, horrela, orain arte legezko eginbideen arloan itxita egon den ate bat ireki da.
Animaliekin egiten diren terapiek biktimen antsietatea eta beldurra murrizten dituzte; gertatutakoaz hitz egitea lortzen ez duten adingabeen adierazpen emozionala errazten dute; autoestimua eta autokontrola indartzen dituzte; eta profesionalarekiko harreman terapeutikoa errazten dute, lan psikologiko sakonagoa egiteko bidea irekiz.
Animaliek funtsezko zerbait eskaintzen dute: harreman segurua, epaiketarik gabea, exijentziarik gabekoa eta baldintzarik gabeko onarpenarekin. Adingabe askorentzat txakur edo zaldi batekin - Umeen Foru Zerbitzuak terapietan ere erabiltzen duena - kontaktuan egoteak aukera ematen die prozesuan zehar abusuak edo beste tratu txar batzuek kendu zieten konfiantza, maitasuna eta segurtasuna berriz esperimentatzeko.