Datorren larunbatean, azaroaren 8an, irekiko ditu ofizialki ateak Durangoko Merkatuak, azken hilabeteotan egindako berrikuntza lanen ostean. Denbora horretan merkatuaren egitura egokitu eta zerbitzuak eguneratu dira, besteak beste. Gainera, gune komertzial irisgarriago bat sortu da.

Merkatu berrituak azaroaren 3tik aurrera berriz ekin dio jarduerari pixkanaka, eta larunbatean 13:30ean egingo da inaugurazio ofiziala, Durangoko Merkatuan bertan. Ekitaldia herritar guztientzat irekia izango da eta jai giroan egingo da, zuzeneko musika eta bertako produktuen dastaketa egongo dira, hurbileko merkataritzarekiko eta kilometro zero ekoizpenarekiko konpromisoaren erakusgarri.

Merkatua berriro irekitzearekin batera, Durangoko Udalak deialdi publiko berri bat jarri du martxan, oraindik hutsik dauden bost postu komertzial esleitzeko. Neurri hau merkatuaren berrikuntza integralaren baitan kokatzen da, eta helburua eskaintza komertziala zabaltzea da, gaur egungo herritarren beharretara egokitzen diren proposamen berriak txertatuz.

Eskuragarri dauden espazioen artean arrandegi baterako postu bat eta elikadurarekin lotutako lau postu daude, eta horiez gain, beste postu gehigarri bat ere bada, tokiko merkataritzarekin edo merkatuarekin berarekin lotutako dinamizazio edo prestakuntza proiektuetarako gordeta. Banaketa horrek merkataritza eredu integratzaile eta jasangarri baten aldeko apustuari erantzuten dio, produktu eta zerbitzuen aniztasuna eta tokiko ekonomia sustatuz.

Interesa duten pertsonek edo entitateek eskaerak azaroaren 24ra arte aurkeztu ahal izango dituzte, Durangoko Udalaren webgunean eskuragarri dagoen Kontratatzailearen Profilaren bidez.

Udalak herritarrak datorren larunbatean Merkatu Plazara hurbiltzera gonbidatzen ditu, egindako berrikuntzen emaitza bertatik bertara ezagutzeko eta guztiontzat izan den eta izaten jarraitu nahi duen espazioaz gozatzeko.