Natur ondarearen toki horren kudeaketan, kontserbazioan eta erabilera ordenatuan inplikatutako administrazioen jarduerak koordinatzea errazteko, Gaztelugatxeko Natura Monumentuaren Lankidetza Kontseiluaren lehenengo bilera ospatu zen joan den ostiralean, urriaren 3an.
Arantza Atutxa Natura Ingurunearen eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatua izan da bileraren buru, eta bertan, honako hauek izan dira: Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea, Amets Jauregizar Baraiazarra Bakioko alkatea, Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantzako, Portuetako eta Itsasertzeko sailburuordea, eta Bizkaiko Foru Aldunditik Andoni Agirrebeitia, Ana Mari Bajo eta Asier Madarieta Juaresti.
Lankidetza Kontseilua organo aholku-emailea da, eta haren helburua da erakundeen arteko lankidetza indartzea Gaztelugatxeren kudeaketan. Gaztelugatxe natura-monumentu izendatu dute, ingurumen-, kultura- eta paisaia-balio handia duelako. Kontseiluak eginkizun hauek ditu, besteak beste: jarduerak koordinatzea, interes komuneko neurriak hitzartzea, espazioa kontserbatzea bermatzeko ekimenak proposatzea eta inguruan ospakizun tradizionalen jarraipena egitea.
Lehen saio honetan, lehentasunezko jarduera-ildoak ezarri dira: ekosistemen kontserbazioa, erabilera publikoaren erregulazioa, kultura-ondarearen babesa, bisitarien fluxuaren kudeaketa eta tokiko komunitateak integratuko dituen garapen jasangarriaren sustapena.
Bizkaiko Foru Aldundiak nabarmendu duenez, kontseiluaren eraketa udalerriekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritzeko oinarri egonkorra da, Gaztelugatxe epe luzean babesten dela bermatzeko. Izan ere, Gaztelugatxe enklabe enblematikoa da, natura, kultura eta ondare arloetan aberastasun handikoa, eta urtero milaka bisitari erakartzen ditu.