Irailaren 24an eta azaroaren 15ean, berriki egindako berritze lanen emaitzak erakusteko ateak irekiko dizkie herritarrei Durangoko Bartolome Ertzilla Musika eskolak. Bisita gidatuak Iker Ruiz de Alegria zuzendariak eskainiko ditu, eta eskolako espazio nagusiak ikusi ahal izango dira, eta berrikuntzen xehetasunak azalduko dira. Parte hartzeko ez da izenik eman behar, eta jardunaldiak irekiak izango dira interesa duen edonorentzat.
Hilabeteetako lanaren eta inbertsio garrantzitsu baten ondoren, eraikinak itxura eta funtzionaltasun berritua du, eta Durangoko Udalak aukera eskaini nahi die herritarrei espazio horiek gertutik ezagutzeko.
Bisitak honako egun eta ordutegietan egingo dira:
- Irailaren 24an (asteazkena), 14:00etatik 18:00etara
- Azaroaren 15ean (larunbata), 10:00etatik 13:00etara
Jardunaldi hauetan, bisita gidatuak Musika Eskolako espazio nagusietatik egingo dira. Bertaratzen direnek egindako berrikuntzak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute, eta, era berean, eskolaren eguneroko jarduna gertutik ezagutzeko. Gainera, une egokia izango da ikastetxean eskaintzen den hezkuntza eta musika-eskaintza ezagutzeko.
Azken hilabeteotan egin diren berritze lanen bidez, estalkia berritu da, eguzki-plakak jarri dira energia-eraginkortasuna hobetzeko, lurzorua eta argiztapena modernizatu dira, eta kanpoko sarbide berriak sortu dira. Neurri horiekin guztiekin, Musika Eskola espazio moderno, funtzional eta jasangarri bihurtu da, ikasleen zein irakasleen eguneroko beharretara egokituta.
Durangoko Udalak jarduketa honen bidez kulturarekiko duen konpromisoa berretsi du, eta herritarrak jardunaldi hauetan parte hartzera gonbidatzen ditu Musika Eskola berrituua gertutik ezagutzera.