Datorren astelehenean, irailaren 15ean, hasiko dira berriro MHS - Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbideko (Supersurreko) Trapagarango bidezubian kaltetutako dilatazio-juntura ordezteko lanak. Udako etenaren ondoren, Interbiak sozietateak berriro ekingo die obrei, aurreikusitako egutegiari eutsiz.

Lanei berrekiteko uneak berritasun garrantzitsu bat dakar: Ezkerralderako irteera erabilgarri mantenduko da, hasiera batean hura ixtea aurreikusita bazegoen ere. Hala, murriztu egingo erabiltzaileen gaineko inpaktua, baina une batzuetan itxi egin beharko da irteera, behar operatiboak direla eta.

Bestalde, ondoko erkidegora doazen ibilgailuek Ezkerralderantz doazen ibilgailuentzako galtzada erabili beharko dute, eta ohiko ibilbidera itzuliko dira obra-eremua igaro ondoren. 

Jarduketa horiek urriaren amaierara arte iraungo dute, gutxi gorabehera.

Konponketa-lan oso konplexua

Trapagarango bidezubia egitura berezia da, eta Supersurreko egiturarik garrantzitsuena da. 795 metroko luzera du, 35 metroko zabalerako kaxa bakarreko taula bat, eta bide-ingeniaritzaren eredu garrantzitsu bat da. Bertan, hiru galtzada independente daude: bat, hiru erreikoa, Gipuzkoa/Arabarako noranzkoan, eta beste bi, bi erreikoak, Kantabria/Ezkerralderako noranzkoan.

Trapagarango bidezubiko dilatazio-junturaren hausturaren eta higaduraren ondorioz, Bizkaiko Foru Aldundiak pieza osoa ordeztu behar du, eta, horretarako, konponketa-lan konplexu bat egin behar du.

Orain egiten ari diren lanak amaitu ondoren, obra Ezkerralderako noranzkoko galtzadara eramango da, eta, lanak egiten diren bitartean, trafikoa Kantabriarako noranzkoko errei batetik bideratuko da, gero ohiko ibilbidera itzultzeko.

Azkenik, desbideratzeetarako erabilitako puntuetan erdibitzailea leheneratzeko lanak egingo dira, baita seinaleztapen horizontala eta bertikala berritzeko lanak ere.

Jarduketa horiei esker, azpiegiturak behin betiko konfigurazioa berreskuratuko du 2025eko abenduan, aurreikuspenen arabera.