Zuzeneko zergapetzeak aurreko hilabeteetako joera onari eutsi dio, eta, horren bidez, 3.608,3 milioi euro bildu dira, beraz, iazko abuztuaren aldean % 4,4ko igoera (152,2 milioi) dakar, lehen aipatu den bezala. Kapitulu honetan, PFEZa (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga), oro har, % 8,8 hazi da, eta 2.615,1 milioi eurora iritsi. Osagai guztiek izan dute eboluzio positiboa, eta nabarmentzekoak dira, 162,6 milioiko hazkundea lan-atxikipenetan (+% 6,6) eta kapital higigarriaren atxikipenetan (+% 8,3).

Bestalde, Sozietateen gaineko Zergaren bidezko diru-bilketak (657,4 milioi euro) % 20 inguruko jaitsierari eusten dio, zerga horren kuota diferentzialari (-193,4 milioi) eragiten dion zergaren konturako ordainketan eta zergaren kanpainan ikusi egin denez.

Alde positiboari dagokionez, zuzeneko zergapetzea osatzen dutenak hauek dira: Ondarearen gaineko Zerga, 119,3 milioi eurorekin (% +23,8); Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zerga, 78,3 milioirekin (% +27,8); eta Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zerga, 85,8 milioirekin. Guztira, 34,8 milioi euro gehiago bildu dira, hau da, % 68,2ko igoera izan da aurreko urteko aldi berarekin alderatuta.

Zeharkako zergapetzeari dagokionez, abuztura arte, 2.406,2 milioi euro bildu dira, alegia, 2024an baino 191,5 milioi gehiago; horrek % 8,6ko alde positiboa egon dela adierazten du. Hazkunde hori onuragarria izan da kudeaketa propioko BEZak (Balio Erantsiaren gaineko Zerga) garapen ona izan duelako. Izan ere, abuztura arte, 1.963,6 milioi euro bildu dira, aurreko urteko aldi berean baino 183,5 milioi gehiago (+% 10,3). Horrek, era berean, beste aldundiei egindako ordainketen gehikuntza ekarri du, lurraldeen arteko egokitzapena dela-eta (+% 19,2).

Zerga bereziei dagokienez, nabarmentzekoa da elektrizitatearen zergak % 120,7 egin duela gora, eta tabakoaren zergak % 8,7; hidrokarburoen zergak, berriz, bide positiboa berreskuratu du, % 6,0 egin baitu gora. Aitzitik, alkoholarenak (-% 12,2) eta garagardoarenak (-% 22,7) bilakaera negatiboari eutsi diote.

Zeharkako zergapetzearen gainerako kontzeptuek bilakaera positiboa izan dute. Horrela, gora egin dute Ondare Eskualdaketen gaineko Zergak ( % 31,1) eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergak (% 26,1). Aseguru-primen zerga (+% 7,2) eta joko-jarduerena (+% 17,8) ere igo egin dira. Zenbait garraiobideren gaineko zergak, aldiz, behera egin du, zehazki % 25,7.

Tasak eta bestelako sarrerak direla-eta, 44,1 milioi euro bildu dira, hau da, 2024. urteko aldi berean baino 4,1 milioi gutxiago.

Hilabete honetan ez da egin egokitzapenen ondoriozko fluxurik, ez Aldundien artean, ez Estatuarekin; beraz, uztailean adierazitako zenbatekoek beren horretan diraute. Horrek esan nahi du Kudeaketa Propioko Tributu Itunduen kopurua % 5,9 hazi dela abuztura arte, eta tributu itunduen kopurua, guztira, ohar honen hasieran aipatutako % 7,4ra igo dela.