Uda lapurretak areagotzen diren garaia izan ohi da. Lapurrek jendea oporretan dagoela aprobetxatzen dute etxebizitzetan sartzeko. Hori saihesteko, Leioako Udalak prebentzio-lana indartu egin du udalerrian, Ertzaintzarekin elkarlanean. Aurreko udaldietan bezala, herritarren segurtasuna bermatzea da helburu, baita etxean ez daudenean ere.
Poliziaren presentzia handitzeaz gain, Udalak oinarrizko hainbat gomendio gogorarazi nahi ditu, bai kalean bai etxeetan lapurretak jasateko arriskua murrizteko. Jende asko biltzen den lekuetan —hondartzak, igerilekuak, merkataritza-guneak edo ekitaldiak— gomendagarria da gauza pertsonalak uneoro begi bistan edukitzea, poltsak eta motxilak ondo gorputzera lotuta eramatea, objektu baliotsuak ikusgai ez uztea eta arreta handiz jardutea jendetzan edo kutxazainetan.
Halaber, gomendagarria da bakarrik ez urruntzea gutxi argiztatutako tokietara eta, une batez lekua utziko bada, inguruko pertsonei jakinaraztea.
Etxebizitzen kasuan, funtsezkoa da ez iragartzea sare sozialetan ezta ezezagunei ere oporraldiak edo etxetik kanpo egoteko asmoak; beti atea giltzaz ixtea irtetean eta saihestea etxea hutsik dagoela adierazten duten seinale ikusgarriak uztea. Gomendatzen da konfiantzazko norbait izatea, posta jaso dezan, pertsianak igo eta jaitsi ditzan edo ustekabeko egoera baten aurrean jardun dezan. Halaber, komeni da sarrailak hobetzea zaharrak badira, eta adi egotea ateetan ager daitezkeen markei edo inguruan gerta daitezkeen mugimendu susmagarriei.
Leioako Udaletik herritarren lankidetzarako deia egiten da, eta gogorarazten da edozein susmo edo larrialdiren aurrean berehala jarri behar dela harremanetan 112arekin, Ertzaintzarekin edo Udaltzaingoarekin. Prebentzioa eta arreta kolektiboa funtsezkoak dira uda seguruagoaz gozatzeko.