Bizkaiko museoek eskaintza zabala dute abuztuan
Udan ere badago kultura- eta museo-programazioa Aldundiak kudeatzen dituen museo eta foru-aretoetan
Atseden hartzeko hilabetea izan ohi da abuztua. Hala ere, gauza asko daude egiteko, eta Bizkaiko Foru Aldundiak eskaintza zabala aurkeztu du bere museo eta foru-aretoetan. Proposamenak, besteak beste, bisita gidatuak, tailerrak zein erakusketak dira, bai eta lurraldeko ondarearekin, historiarekin, arkeologiarekin eta natura-ingurunearekin lotutako jarduerak ere.
Programazio osoa web-orrian kontsultatu daiteke, non ordutegiei eta erreserbei buruzko informazioa ere ematen den.
Abuztuko programazioa
Muñatones gaztelua (Muskiz)
Bisitaldi gidatuak, igandeetan, 10:30ean eta 12:30ean (irailaren 7ra arte). Bisitariek Bizkaiko Erdi Aroko gotorlekurik garatuena ezagutuko dute, leinu-gerretako testuinguru historikoan, Bizkaiko lehen historialari Lope Gartzea Salazarren eta beste batzuen bizitzarekin batera.
Abuztuko asteazkenetan, bisita gidatu bat eskainiko da 11:00etan; aldez aurretik erreserbatu beharrekoa.
Nabarmentzekoa da, halaber, El Pobal Burdinolarekin batera antolatuko plana. Hari esker, burdina lantzeko prozesua ikusteko bisita egin ahal izango da; izan ere, burdina landa-eremuko nobleziaren funtsezko baliabidea zen.
Jai-zubietako larunbatean (abuztuaren 16an), ikusi ahal izango dira olagizonek egiten zuten lanaren erakustaldiak, makinak martxan daudela (gabia eta sutegi tradizionala).
El Pobal Burdinola (Muskiz)
El Pobal Burdinola (Muskiz) asteartetik larunbatera egongo da zabalik, goiz eta arratsalde, igande eta jaiegunetan; ordutegia 10:00etatik 14:00etara izango da, eta bisita gidatuak egingo dira ordurik behin. Larunbatetan, burdina-lanketaren erakustaldi osoak eskainiko dira,11:00, 12:00 eta 13:00etan.
Juan Miguel Cortésen «Huidobroren bila, 21. zk., Ikatz samindua» izeneko instalazio poetikoak kolorez beteko du ikaztegia. Izan ere, Cortések Vicente Huidobro olerkari txiletarraren bertso batzuk berreskuratu ditu errotulu komertzial zaharretatik, eta, letra argi handiekin berridatzita, biziera berria eman die. Gainera, El Pobalek uda osorako jarduerak diseinatu ditu. Abuztuaren 14an eta 21ean, ostegunetan, 'Barbadungo esploratzaileak.Uretako eta lurpeko abentura bat' jarduera egingo da, presatik errotarainoko ibilbide bat barne hartzen duen bisita tematiko bat. Ibilbideak ibaiaren ingurune naturala zeharkatzen du, banbu-baso bat barne, eta bisitan zehar geldialdiak egiten dira zuhaitzen dibertsitatea behatzeko eta haien erabilerak ezagutzeko, hainbat probaren bidez. Bisitaldiaren amaieran, errotaren bihotzera iristen den lurpeko harrizko tunelaren barrura sartuko gara; espazio hori ez da zabalik egoten jendearentzat.
La Encartada Fabrika-Museoa (Balmaseda)
Harigintzako nabea berriro ireki da hobekuntza-obra batzuen ondoren, eta abuztuan zehar bisitatu ahal izango da. Jatorrizko makinak eta tresna mekaniko guztiak bere horretan kontserbatzen ditu museoak; hori dela eta, La Encartada ehun urtetik gorako ehungintzako bilduma teknologikorik onena eta osatuena da Europa osoan, eta, ziur asko, munduan ere bai. Leku berean, fisonomia berarekin, makina eta aparatu berberekin; mendeurrena bete duen beste industria-multzo batek ere ez du kontserbazio- eta osotasun-maila hori.
Museoa bisitatuta, garaiko punta-puntako makinak zeuzkan XIX. mendeko fabrika zahar batean murgilduko gara. Museoa bisitatzen duten pertsonek XIX. mendearen amaierako fabrika baten jatorrizko giroa aurkituko dute.
Arkeologi Museoa (Bilbao)
Museoak Arkeouda izeneko hiri-koloniak antolatzen ditu haurrentzat. Arkeologiari eta Bizkaiko historiari buruzko tailer tematikoekin batera, aldi baterako erakusketak ere eskaintzen ditu, hala nola «Martiodako erlikiak». Erakusketa horretan, XVII. mendeko Martiodako erlikia-ontzi ikaragarritik datozen metal preziatuzko ehun eta hariekin jantzitako martirien hezurren sorta bat dago ikusgai; horrez gainera, 'Museoa aztarnaz aztarna' programaren barruan, Burtzeñako (Barakaldo) Mesedetako komentuaren indusketa arkeologikoetan aurkitutako metalezko gerrikoa/eten-uhala egongo da erakusgai, zeina XVII. eta XVIII. mendeen artean datatu baita. Pieza hori gizon heldu baten hilobiratze-hatuen parte zen, eta orain erakusgai jarri da Arkeologia Museoan gordailututa egon ohi diren ondare-pieza esanguratsuak ezagutzera emateko. Gainera, museoak 'Arkeologia egun batez' izeneko familia-tailerrak eskainiko ditu abuztuko igandeetan. Jarduera didaktiko horretan, familiek Bizkaiko historia ezagutuko dute, eta haurrak arkeologo bihurtuko dira egun batez.
Rekalde Aretoa (Bilbo)
Juan Carlos Eguillorren erakusketa. 'Laberinto' irailaren 28ra arte bisitatu daiteke. Erakusketan, Eguillorren ekoizpen handiaren parte diren ia mila piezaren sorta aparta dago. Marrazki, komiki, ilustrazio eta bideoak daude piezen artean, zeinek omentzen baitute haren begirada «samurra, eszeptikoa eta krudela».
Ondare Aretoa (Bilbo)
Ondare Aretoak '80 urte, 80 akuarela: argi eta ur bidaia' Akuarelaren Nazioarteko Erakusketa hartuko du, abuztuaren 30era arte.
Euskal Akuarelarien Elkartearen 80. urteurreneko nazioarteko erakusketan, euskal artisten eta nazioartean erreferente diren akuelarien 80 akuarela batu dira.
Arrantzaleen Museoa (Bermeo)
'Emakume zamaketariak. Ikusarazi beharreko lanbidea' deritzon erakusketaz goza daiteke; Erakusketa Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatu dute. Abuztuaren 12an, galernaren gaineko bisita berezia ere eskainiko da, 1912ko egun horretan Matxitxako lurmuturretik 45 itsas miliara arrantzan zebiltzala hil ziren ehundik gora bermeotarren oroimenez.
Programa osatzeko, 4 eta 10 urte bitarteko haurrentzako Arrain jokoak haur-tailerra egingo da, abuztuaren 7an eta 8an, euskaraz; arrantzari lotutako eskulanak eta jolasak konbinatuko dira tailerrean. Azkenik, 'Literatura eta Nazioa' izenburuko EHUren udako ikastaroa emango da, abuztuaren 28an eta 29an; Laida taldeak Gabriel Arestiren heriotzaren 50. urteurrena dela eta antolatua. Udako ikastarorako erreserba egin behar da, laidataldea@gmail.com helbidearen bidez.
Omako Basoa (Kortezubi)
Agustin Ibarrola artistak sortutako Omako Basoa naturan egindako esku-hartze artistiko bat da, 800 zuhaitz baino gehiagoren gainean margotutako irudien eta motibo geometrikoen 30 multzok baino gehiagok osatua. Proposamenak esperientzia artistikoaren erdigunean jartzen du bisitaria, eta Artea eta Natura mugimenduaren eta euskal arte garaikidearen erreferentea da.
Basoa egunero bisitatu daiteke, eta bisita gidatuak eskaintzen dira larunbatetan.
Ezinbestekoa da aldez aurreko erreserba egitea.
Txakolin Museoa-Txakolingunea (Bakio)
Abuztuan, 'Zatoz Uribeko txakolinaren kolore aniztasuna ezagutzera' esperientziaz gozatzeko aukera egongo da: bisita gidatua, hiru txakolinen dastaketa ((zuria, gorria eta beltza) eta gilda bat.
Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo)
Udan museora doazenek 'Gamazada. Gure poltsikoaren jabe' erakusketa ikusi ahal izango dute, irailaren 21era arte. Erakusketak, batetik, azalduko digu nola jazo zen foraltasunaren eta autogobernuaren aldeko defentsarekin lotutako gizarte-matxinadaren gertakari garrantzitsuenetako bat, eta, bestetik, iraganerako leiho bat zabalduko digu, gaur egun euskal-nafar ekonomia-ituna zertan den ulertzeko.