Síguenos en redes sociales:

Hegazti basatien artean hegazti-gripearen kasuak detektatu dira Santurtzin eta Erandion

Basafauna zaintzeko sistemari esker, H5N1 birusa goiz detektatu ahal izan da uretako hegazti basatietan. Ez dago arriskurik giza osasunerako

Bizkaiko Foru Aldundiak baieztatu du hegazti-gripearen zenbait kasu (H5N1 patogenotasun handiko hegazti-gripea) detektatu direla Santurtzin eta Erandion jasotako kaio hankahorietan. Fauna Basatiaren Gorlizko Birgaitze Zentroak NEIKERen laborategiekin eta Algeteko Erreferentziako Laborategi Nazionalarekin koordinatuta basafaunaren zaintza aktiborako aplikatzen dituen protokoloei esker detektatu ahal izan dira.

Lehen mailako foku bat egon da Santurtzin, eta bigarren bat egon daiteke Erandion. Jarduketa guztiak animalien osasunaren arloan indarrean dagoen Europako eta Estatuko araudiaren arabera egiten ari dira.

Patogenotasun handiko hegazti-gripeak hegaztiei bakarrik eragiten die, ez zaie pertsonei transmititzen eta ez da arriskutsua osasun publikorako. Hala ere, Foru Aldundiak zenbait prebentzio-neurri hartu ditu animalien osasuna babesteko eta hegazti-hazkuntzaren sektorearen segurtasuna bermatzeko. Besteak beste, osasun-kontroleko protokoloak aktibatzea, kaltetutako hegaztiak ebaluatzea eta isolatzea, instalazioak garbitzea eta desinfektatzea, eta 10 km-ra arteko babes- eta zaintza-eremuak ezartzea eragindako udalerrietan.

Albaitaritza-zaintza ere indartu da, inguruko hegaztien mugimenduak mugatu dira eta ustiategiei berariazko gomendioak eman zaizkie biosegurtasun-neurriak areagotzeko. Jarduketa horiek 246 hegazti-ustiategiri eragiten diete, bai profesionalei, bai autokontsumokoei, eta sektoreari zuzenean jakinarazten ari zaizkio.

Bizkaiko Foru Aldundia etengabe dago harremanetan lurraldeko hegazti-hazkuntzako sektorearekin, eta edozein bilakaerari buruzko informazioa ematen jarraituko du. Herritarrei gogorarazten zaie birusa ez dela arriskutsua giza osasunerako, eta neurri horiek prebentzio-irizpideei eta animalien osasunekoei soilik erantzuten dietela.

Edozein zalantza edo susmoren aurrean, Abeltzaintza Zerbitzuak zabalik dauka profesionalekin eta herritarrekin komunikatzeko ohiko kanala.