Uda ez da bukatzen Sopela Kosta Fest jaialdia ospatu arte. Urteko garairik berezienetariko bati agur esateko aukera paregabea bihurtu da, adin guztietako jendea biltzen dituena. Bada, Sopelako Udalak aste honetan eman du ezagutzera irailaren 19tik 21era bitarteko asteburuan ospatuko dela edizio berria, hamabigarrena izango dena. Aurten, nobedade gisa, Larrabasterrako Urtixieta plaza izango da estreinakoz hain berezia den jaialdi honen egoitza. Beti bezala, musika izango da protagonista nagusia.

Natura, kirola eta musika uztartzen ditu jaialdiak, eta adin eta publiko mota guztietarako ekintzak biltzen ditu egitarauak. Kirolari dagokionez, surfa izango da nagusi. EHSF surf txapelketa, kayak surfa eta surf egokitua egongo dira, besteak beste. Hala ere, bestelako kirol diziplinek ere izango dute lekua. Tartean, skatea, ginkanak eta taitxia egiteko aukera egongo da. Horiez gainera, askotariko tailerrak, argazki lehiaketak eta erakusketak zein bisita gidatuak antolatu ditu Udalak, beste kontu batzuen artean. Toki Garapen Sailak bultzatuta, Surf & Skate Maket-a ere egingo dute bigarren aldiz.

Bereziki, baina, musika izango da Sopela Kosta Festeko protagonistetako bat. Aurten, Süne, Manny Calavera, Moonshine Wagon, Izaki Gardenak, Airu eta Ziztada & Rlantz taldeen kontzertuez gozatzeko aukera egongo da.

Izen-emateak datozen asteetan jarriko dira martxan, eta informazio guztia Sopela Kosta Fest jaialdiaren webgune ofizialaren atarian eta jaialdiaren sare sozialetan egongo da eskuragarri.