Etxanobek Bizkaia trantsizio energetikoaren erreferente europar gisa jarriko du Houstonen
Misioan zehar, topaketa estrategikoak egingo dira Houstongo energia-ekosistemako erakunde eta enpresa nagusietako batzuekin
Bizkaia eta EIC (Energy Intelligence Center) nazioarteko trantsizio energetikoaren erreferente bihurtuko du Aldundiak, Houstonen egingo den erakunde- eta enpresa-misio baten buru izanda. Ekimena datorren astelehenetik asteazkenera ospatuko da, hau da, uztailaren 28tik 30era bitartean, eta bertan hartuko du parte Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek. Berarekin batera EkonomiaSustatzeko foru diputatu Ainara Basurkok ere parte hartuko du; haiekin batera, EICri lotutako eta deskarbonizaziorako teknologia garbietan espezializatutako euskal enpresetako ordezkariak ere hortxe egongo dira.
Misioan zehar, topaketa estrategikoak egingo dira Houstongo energia-ekosistemako erakunde eta enpresa nagusietako batzuekin, hiri horrexeri aitortzen baitzaio munduko energia-hiriburu izatea. Sektoreko 4.600 enpresa baino gehiago dituenez, Houston karbono gutxiko energia-eredu bateranzko eraldaketaren aitzindari behinena da gaur egun, eta hidrogenoren hub globaletako bat.
Bidaia horren helburua anitza da: EICren proiektua ezagutaraztea, Bizkaiko energia-enpresen gaitasunak erakustea, nazioarteko aliantza berriak aztertzea eta gure lurraldean erreplika daitezkeen lankidetza publiko-pribatuko jardunbide egokiak eta ereduak ezagutzea.
Energia-berrikuntzan oinarritutako agenda
Agendan erreferentziazko erakundeetara egin beharreko bisitak daude, hala nola Greentown Labs (AEBko startup klimatikoen inkubagailu handiena), think tank Center for Houston 's Future, Houston CCS aliantza, Linde multinazionala eta Houston Energy Transition Initiative (HETI) plataforma. Proiektu estrategikoak ere bisitatuko dira, karbonoa zuzenean atzitzeko 1PointFive planta, Occidental Petroleum-ek bultzatua, edo Baker Hughes-en Port Arthur Hydrogen Project, besteak beste.
EICren zeregin estrategikoa
Energy Intelligence Center, Euskadiko Parke Teknologikoko Abanto-Zierbenako Campusean dagoen teknologia- eta industria-lankidetzarako plataforma bat da, Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu duena industriaren deskarbonizazioa bizkortzeko, erregai berritzaileetan -bereziki hidrogeno berdean- eta energia-efizientzian oinarritutako soluzioak garatuz.
EICek funtsezko eragileak biltzen ditu, esate baterako, Energiaren Euskal Erakundea, Hidrogenoaren Euskal Korridorea (BH2C), Nortegas, Petronor, Energy Advanced Engineering Fundazioa eta Bizkaiko Foru Aldundia. Plataforma hau funtsezko tresna gisa egituratu da trantsizio energetiko ordenatua, efizientea eta teknologikoki aurreratua bultzatzeko.
Goi-mailako ordezkaritza
Erakundeetako ordezkariekin batera, enpresa- eta teknologia-lider hauek joango dira Houstonera, besteak beste: Joseba García, EICeko zuzendari nagusia; Juan Villar, Nortegaseko CEO; Aitor Arzuaga, Alba Emission Free Energy-Petronor taldeko zuzendari nagusia; Diego Herrero, Tubacex enpresako berrikuntza-zuzendaria; Nick Mounter, AMPOren AEBko ordezkaria; eta Juan Manuel Fernández Etxaniz, EEEko hidrogeno-arduraduna.
Misio instituzional horrek sendotu egiten du Bizkaiak bultzatutako apustua, ezagutzan, lankidetza publiko-pribatuan, eta berrikuntza teknologikoan oinarritutako garapen-eredu baten alde, trantsizio energetiko adimentsu, bidezko eta lehiakorrerako palankak baitira.
Houstonen ondoren, Boiseko Jaialdira (Idaho) bertaratuko dira ordezkari instituzionalak
Houstoneko misioa amaitu ondoren, Bizkaiko ahaldun nagusia Boise hirira (Idaho) joango da, eta han Jaialdian hartuko du parte, munduko euskal kulturaren jaialdi garrantzitsuenetako bat baita. Bertan euskal jatorriko milaka pertsona eta mundu osoko euskal kulturaren jarraitzaileak biltzen dira. 2025eko Jaialdia uztailaren 31tik abuztuaren 3ra bitartean egingo da, eta egun horietan jarduera kulturalak, gastronomikoak, folklorikoak eta topaketa instituzionalak antolatuko dira euskal diasporaren ordezkariekin nahiz tokiko agintariekin. Bizkaiaren presentziak euskal komunitate amerikarrarekiko lotura kulturalak eta historikoak indartzeaz gain, ikusgai jartzen du nazioartekotzearekiko eta euskal identitate globalarekiko konpromiso instituzionala.
Temas
Más en Bizkaia
-
La ciudadanía bilbaina considera que la seguridad, la vivienda y los aparcamientos son los retos en los dos próximos años
-
La gestión y la limpieza de las piscinas al aire libre de Orduña enfrentan al PNV y EH Bildu
-
Bermeo activa medidas ante la presión del alquiler
-
Presentación pregonero y txupinera Aste Nagusia 2025