Ostegun honetan, uztailaren 24an, San Inazio egunaren harira egin ohi den harrera instituzionala egin du Bizkaiko Foru Aldundiak, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia buru izan duen ekitaldi batean. Ekitaldian izan da Imanol Pradales lehendakaria, bai eta euskal ekonomia-, gizarte- eta kultura-sarea ordezkatzen duten 500 pertsona inguru ere.
Etxanobek eraikineko eskailera nagusia apaintzen duen beirate handiaren aurrean egin du bere mintzaldia. Obra horrek XIX. mendearen amaierako Bizkaia erakusten du, eta lurraldearen historia, bilakaera eta etorkizuna jorratu dituen mezuaren ardatz sinbolikoa izan da.
Ahaldun nagusiak nabarmendu du Foru Jauregia eraikin administratibo bat baino askoz gehiago dela. "Gure berezitasun politikoaren ikurra da, gure lurraldearen historia da, gure gizartearen identidadea", adierazi du, eta nabarmendu du XIX. mendearen amaieran Bilboko zabalgunean eraiki izana modernitatearen, irekitasunaren eta aurrerapenaren aldeko apustu irmoa izan zela.
Baieztatu duenez, 1900eko Bizkaitik gaur eguneko Bizkaira iristeko egindako bideak erakusten du gizarte hau ez dela gelditzen, eboluzionatu egiten duela, eta etorkizunera begiratzen duela, nondik datorren ahaztu gabe. Ildo horretan, beiratearen balioa aldarrikatu du, Bizkai plurala, langilea eta landa- eta hiri-eremuen artean eta tradizioaren eta berrikuntzaren artean orekari eusten diona islatzen baitu.
Bilboko Arte Ederren Museoari dohaintzan emandako Anselmo Guinea artistaren jatorrizko zirriborro bat Jauregian jaso eta egun batzuetara egin du mintzaldia Etxanobek. Eraikineko eskaileran gailentzen den beirate izugarria prestatzeko egin zuen zirriborro hori. Ondare-balio handiko pieza bat da, eta museoaren parte izatera pasatu da efemeride honekin bat eginda.
Egoitza berria, eraginkortasuna eta zerbitzu publikoa hobetzeko
Bere hitzaldian, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Aldundiaren bilakaera instituzionalean mugarri izango den erabaki estrategiko baten berri eman du: foru-egoitza berri bat eraikiko da Bilboko Etxetxua plazan. Eraikin horri esker, gaur egun sakabanatuta dauden zerbitzuak (soilik hiriburuan 31 egoitza daude) elkartu ahal izango dira, eta, hala, optimizatu egingo dira baliabide publikoak eta hobetu egingo da herritarrei emandako arreta.
"Aldundiak izan dauan bilakaeraren ondorioz, bulegoak eta zerbitzuak oso sakabanatuta dagoz. Errealidade horrek oztopatu egiten dau eraginkorrak izatea kudeaketan. Alkartzeak urtean hiru milioi euro inguru aurrezteko aukera emongo deusku", azaldu du. Antzinako perituen eskola hartu zuen eta foru-erakundearen jabetzakoa den partzela batean eraikiko da egoitza berria, eta osatu egingo du Bilboko Udalak sustatutako Etxetxua eremua biziberritzeko sustatutako proiektua.
Etxanoberen hitzetan, egoitza berri hori "etorkizuneko Aldundiaren erreferentzia izango da: digitalagoa, hurbilagoa, gastuan eta energia-kontsumoan eraginkorragoa, eta lan-baldintza hobeak daukazana langileentzat".
Lidergoa, balioak oinarritzat hartuta
Elixabete Etxanobek ongizate-estatua babesteko eta indartzeko konpromiso instituzionalarekin lotu du aurrerapen hori, eta langile publikoek helburu hori lortzeko bidean duten funtsezko zeregina nabarmendu du. Adierazi duenez, Aldundi honek duen onena daukagu: bertako jendea. Eta eskerrak eman die, berariaz, Aldundiko langileei zerbitzu publikoaren eremu guztietan egiten duten ahaleginagatik.
Halaber, Bizkaiaren ardatz izan diren balioak zaindu egin behar direla azpimarratu du: esfortzua, lana, talde-sena eta zintzotasuna. Gorroto-mezuei, ezegonkortasunari edo autoritarismoari aurre egiteko, Etxanobek politika eredugarria, egonkorra eta guztion ongia bermatzen duena izatearen garrantzia aldarrikatu du, eta Bizkaian dagoen elkarrizketarako kulturaren eta giro politiko eraikitzailearen balioa nabarmendu du.
Abangoardiako lurraldea: bizitza-luzera, trantsizio energetikoa eta kuantikoa
Ahaldun Nagusiak Bizkaiak abangoardiako lurralde gisa duen zeregina azpimarratu du, baita tokikotik aldaketa globalen buru izateko duen gaitasuna ere. Ildo horretan, hiru eremu estrategiko nabarmendu ditu, zeinetan lurraldea irmo aurrera egiten ari den:
- Bizitza-luzera, Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko erreferentetzat jo duen iraupen luzeko zainketen ereduaren bidez.
- Trantsizio kuantikoa, BiQain - Basque Quantum estrategiaren bidez; aurrerapenak izan dira enpresa-ehunari aplikatzekoak diren konputazio, sentsorika eta komunikazio kuantikoetan.
- Trantsizio energetikoa. Bizkaiko enpresa batzuk lider dira efizientzia elektrikoaren arloko puntako konponbideetan eta erregai berriztagarrien garapenean (hidrogenoa da haietako bat).
Ildo horretan, Elixabete Etxanobek iragarri du laster misio instituzional batean parte hartuko duela, Houstonen (energiaren munduko hiriburua), non Energy Intelligence Center aurkeztuko baitu eta trantsizio energetikoaren arloko irtenbide berriak aztertuko baititu, hala nola CO₂-ren atzitzea edo erregai alternatiboak. Houstonetik Boisera (Idaho) joango da, Jaialdin parte hartzeko eta diasporako komunitateari Bizkaiaren esker ona helarazteko.
Aniztasunaren eta identitatearen aldeko konpromisoa
Amaitzeko, Ahaldun Nagusiak berretsi egin du Bizkaiak bere sustraiekin, bere aniztasunarekin eta bere hizkuntzarekin duen konpromisoa. "Bizkaia beti izan da harrera-lurraldea. Horrelan hazi gara. Eta bide beretik segidu gura dogu", adierazi du. Ildo horretan, berretsi egin du, argi eta garbi, erakundeak euskararekin, euskararen sustapenarekin eta erabilera normalizatuarekin duen konpromisoa.
"Bizkaia lurralde bat baino gehiago da: izateko modu bat da, egiteko modu bat, alkarregaz bizitzeko modu bat; etorkizunari anbizinoz eta gizatasunez begiratzeko modu bat. Eta hori ospatzen dogu gaur. Hori da partekatzen doguna. Hori da berresten doguna", esan du amaitzeko Etxanobek.