Bizkaia Koopera foru-estrategiaren barruan gauzatzen diren ekintzetan sartzen den 'Esnea hozteko estazio satelitea Zambian' izeneko proiektua aurkeztu dute asteazken honetan goizean Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko foru diputatu Teresa Laespadak eta Guggenheim Bilbao Museoko Zuzendari Nagusi Miren Arzalluzek.

Proiektu berriak Museoaren, Aldundiaren eta Olafur Eliasson artistaren ahaleginak batzen ditu, azken honek abian jarritako Little Sun fundazioaren bidez Zambiako Makoke eskualde urruneko 38 abeltzainen bizitza hobetzeko, ez baitute sarbiderik esne-bilketako merkatu ofizialetara.

Little Sun fundazioak "Energia Komunitarioko Zentroak" izenekoak ezarri ditu Zambiako hainbat eremutan, esnea hozteko eguzki-energiaz elikatutako teknologia berritzailea abeltzainei eskaintzeko. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Guggenheim Bilbao Museoaren babesarekin azpiegitura horien irismena handitu ahal izan da, Makoke eskualdean esnea biltzeko estazio satelite bat inauguratuta, urruneko eremuetan bizi direnek esnekiak merkaturatzeko aukera izan dezaten.

Aldi berean, Aldundiaren eta Museoaren lankidetzarekin, Little Sunek abeltzainentzako trebakuntza-tailerrak antolatu ditu, animalien osasunari, haien gaixotasunen prebentzioari, sasoi lehorreko elikadura-estrategiei eta uraren kudeaketa eraginkorrari buruzko ezagutzak sendotu ditzaten, kontuan hartuta horrek produktibitatea hobetzeko eta komunitatearentzat diru-sarrerak sortzeko aukera emango diela. Tailer horiek esnea hozteko estazio satelite berrian eta Little Sunen energia komunitarioko hiru zentrotan emango dira, eta urruneko landa-eremuetako 300 baserritar ingururi zuzenduko zaizkie.

Aurreko proiektuak

Hauxe da Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eta Guggenheim Bilbao Museoak elkarrekin sustatu duten ekimen berria, Olafur Eliasson artista daniar-islandiarrak sortutako Little Sun irabazi-asmorik gabeko erakundeari laguntzeko.

2020az geroztik, beti ere lehen aipatutako ‘Bizkaia Koopera’ estrategia horren barruan, hainbat proiektu jarri dira abian Senegalgo eta Zambiako landa-eremuetan, tartean hauek: etxeko eguzki-lanpara eramangarrien banaketa, Olafur Eliassonek batez ere osasun-arlorako diseinatuak; nekazaritzako produktuak kontserbatzeko lehorgailuen instalazioa; eguzki-panelen eta osasun-makineriaren instalazioa, eta osasun-zentroetako instalazioen modernizazioa.

Olafur Eliasson artista daniar-islandiarrak (1967an jaioa) erakusketa handi bat izan zuen Guggenheim Bilbao Museoan duela bost urte. Ikuslea bere artearen erdigunean jarri eta gori-gori dauden gaiez —ingurumen-jasangarritasunaz, besteak beste— ohartarazten zuen erakusketak.

Aurkezpenean, Laespada Foru Diputatuak Garapenerako Lankidetzaren eremuan erakundeen arteko lankidetzak duen garrantzia azpimarratu du, bereziki Guggenheim Bilbao Museoaren eta Olafur Eliasson artistaren kasuan. "Gure lankidetza berritu izanak erakusten du proiektuek funtzionatzen dutela. Garapenerako Lankidetzarako eragile berriak gehitu nahi ditugu", gaineratu du.