Bizkaiko Foru Aldundiak 2025eko aurrekontu osoaren (10.182,3 milioi euro) % 44,2 bildu ditu urtearen lehenengo erdian. Zehazki 4.500,9 milioi bildu dira zerga itunduak direla eta, hau da, iazko epe berean baino 358,8 milioi euro gehiago.
Zuzeneko zergen ziozko diru-bilketa 2.108,5 milioi euro izan da; beraz, iazko ekinean baino 121,2 milioi gehiago bildu dira (+% 6,1). Ildo horretan, PFEZak, orotara, % 7,2 egin du gora (+111,2 milioi); hortaz, 1.656,9 milioi bildu dira zerga hori dela eta.
Berritasun gisa, nabarmendu behar dugu zenbait finantza-entitateren Interes eta komisioen marjinaren gaineko zerga berriaren ziozko lehen diru-sarrera, zeina 9,8 milioi eurokoa izan baita.
Lan-atxikipenen bilakaera positiboak bere horretan dirau, % 6,8ko hazkundeari eutsita (+125,2 milioi); guztira 1.963,2 milioi bildu dira. Orobat aurten ere azpimarratu behar da sarien gaineko karga bereziaren gehikuntza (+% 254,9); izan ere, aurreko urteko ekainean 11,7 milioi bildu ziren, eta aurten, berriz, 41,5 milioi.
PFEZaren kuota diferentziala, errenta-kanpaina amaituta dagoela, -543,7 milioi euro negatibo da, eta iaz, berriz, -492,7 euro negatibo izan zen; beraz, saldo garbiaren %10,3ko hazkunde negatiboa izan da. Kontuan izan behar da ezen, ondorengo hilabeteei begira, preskribatu gabeko ekitaldietako mutualistei egindako itzulketek nabarmen murriztu zutela iazko ekitaldiko kuota diferentzialaren bilketa.
Beste kontzeptu garrantzitsu batzuen artean, nabarmentzekoak dira oinordetza eta dohaintzen gaineko zerga dela-eta bildutako 64,1 milioiko kopurua (+% 62,2) eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga dela-eta bildutako 71,7 milioiko kopurua (% 27,9ko igoera). Bestalde, energia elektrikoaren ekoizpenaren gaineko zergaren bidez bildutako 26,5 milioi euro izan da.
Alde negatiboan, nabarmentzekoa da sozietateen gaineko zergaren kuota diferentzialaren jaitsiera: 93,9 milioi euro bildu dira aurten, iazko hilabete berean, berriz, 196,7 milioi izan ziren. Ondorioz, zergaren diru-bilketa 271,1 milioi euro izan da; alegia, % 20,4ko beherakada gertatu da (-69,5 milioi), batez ere —aurreko hilabeteetan adierazi bezala— lurralde erkideko araudiaren mendeko erakundeen konturako lehen ordainketagatiko diru-sarrera murriztearen ondorioz.
Zeharkako zergei dagokienez, ekainean joera positiboari eutsi zaio, % 8,5eko igoera jazo baita (2.102,7 milioi euro). Joera hori, besteak beste, kudeaketa propioko BEZaren bilketak izan duen gorakadaren ondorio da. Izan ere, ekaina amaituta, 1.562,0 milioi euro bildu dira, 2024ko ekainean baino 169,2 milioi gehiago (+%12,2). Bestalde, hidrokarburoen gaineko zerga bereziak apur bat areagotu du bilakaera negatiboa, % 5,3 jaitsi baita iazko ekainekoaren aldean; bildutako zifra 469,7 milioi euro izan da.
Gainerako zeharkako zergei dagokienez, ekainean: elektrizitatearen gaineko zerga % 113,3 igo da; ondare eskualdaketen gaineko zerga, berriz, % 34,6 (55,6 milioi euro bildu dira),tabako laboreen gaineko zerga % 4,6 gehitu da, azkenik, finantza transakzioen gaineko zerga % 38,9 (35,1 milioi euro bildu dira).
Aitzitik, behera egin dute garagardoaren gaineko zergak (-% 3,8) eta zenbait garraiobideren gaineko zerga bereziak (-% 24,0).
Tasak eta bestelako sarrerak direla eta, 33,4 milioi euro bildu dira, hau da, % 6,6 gutxiago. Berandutze-interesen beherakadaren ondorioz (-% 7,4), premiamendu-errekarguek behera egin dute (-% 24,2), baina joko-tasek aurreko ekitaldikoaren antzeko diru-bilketari eutsi diote.