Algortan, Negurin eta Andra Marin argiteria publikoko 316 puntu berritzeko lanak hasiko ditu Getxok. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiak energia-eraginkortasunaren arloan sustatutako laguntza-lerroari dagokion 400.000 euroko diru-laguntza bideratuko du Udalak.
Jasotako laguntza horrek indartu egiten du Udalak efizientzia energetikoaren, jasangarritasun finantzarioaren eta eraginkortasun eta efizientziaren arloan udalerriak dituen baliabideen kudeaketan egiten duen lan ildoa.
Gogoratu luminariaren puntu berri bakoitza urtebetean amortizatuko dela, hiru lanpara aldaketa arte aurreztuko direla eta ez dela beharrezkoa izango luminaria berriak ordezkatzea datozen 20 urteetan (luminaria berriek funtzionamenduaren % 80ko bizitza baliagarria dute epe horretatik gora), 10 urteko bermea izanik.
Janire Ocio Obra, Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotziak adierazi duenez, “Udalak lortutako laguntza berri honek Gobernu taldeak klima aldaketaren aurkako borrokan duen konpromisoa aitortzen du, bai eta energia gastuaren kontrolean zein udalaren gastu arruntean efizientzia eta eraginkortasuna printzipio duten neurriei emandako bultzada ere”.
Argiteria publikoko lanparak eta ekipoak aldian-aldian ordezteko lanek jarraitzen dute Algortan
Aipatutako jarduerarekin batera, udal mantentze zerbitzuak Algortako hainbat kaletan LED ekipoekin ordezten jarraitzen du dagoeneko agortuta dauden lanparen 45 luminaria (argi laranja sortzen dutenak, 2 urte eta erdiko bizitza baliagarria dutenak). Zerbitzua hainbat proba egiten ari da, hala nola Euskal Herria kalean, behin betiko ekipoak jarri aurretik, zuhaitzen eta eraikinen itzalek espaloietan sortzen dituzten ondorioak ikusteko. Probak egin ondoren, behin betiko ekipoak jarriko dira.
Argi zuriagoa eta eraginkorragoa jartzen jarraituko da, izan ere, egungo argiekin puntu bakoitzeko 185w kontsumitzetik berriekin 75w kontsumitzera igaroko da, eta, beraz, argi puntu bakoitzeko 125 euro aurreztuko dira urtean. Kopuru hori, 2,5 urtean behin aldatu beharreko pizte eta lanpara ekipo bakoitzak balio duen 160 euroei gehituta, puntu bakoitzeko inbertsioa urtebetean amortizatzen da. Horrek esan nahi du kontsumo elektrikoan % 60 aurreztuko dela, aurreko lanparak led ekipo berriekin aldatzeari lotuta. Aipatutako 45 puntuak berritzeak, soilik, urtean 9.000 euro aurreztea dakar.
Lehen jarduketa horren ondoren, Algortako beste eremu batzuetan beste 45 luminaria berritzen jarraituko da (Bidezabaletik Euskal Herriraino). Kasu horretan, 110w-ko kontsumoa duten argiak izango dira, eta ez egungo 285w-koak, mantentze-zerbitzuaren ohiko berritzea egiten den argi-blokeetan. Lanak hastean, aldaketa egingo den kaleen izenaren berri emango da.
Leku jakin batzuetan, altuerako lanek eragina izan dezakete ibilgailuen eta/edo oinezkoen zirkulazioan. Nolanahi ere, eragin horiek une batekoak izango dira, eta trafikoa ahalik eta lasterren hasiko da berriro.
Santa Anan laster hasiko dira lanak
Bestalde, Areetako Santa Ana auzoan 152 argi berritzeko lanak esleitu ditu Udalak. Jarduketa horren ondorioz, energia-kontsumoan eta gastu arruntean % 47,38 aurreztuko da, eta elektrizitatearen fakturan 15.300 ero aurreztuko dira urtean. Lanak uda honetan egingo dira, 125.000 euroko kostua izango dute eta 11 asteko iraupena izango dute.
Gainera, laster lizitatuko da bideko 500 argiren hornidura, egungo ekipoen aldean % 60 eta % 62 aurreztuko duten ekipoen bi modelotakoak; eta horrek faktura elektrikoa urtean 82.120 euro baino zertxobait gehiago aurreztea ekarriko du.