Kulturak eta naturak bat egingo dute asteburu honetan Leaioan. Gaur eguerdian, 12:00etan zehazki, Pinosolo parkeak ateak ireki dizkio igandera arte luzatuko den Apatx! jaialdiari. Sarrera doakoak dira eta jarduera-programazio zabala eskainiko du agertoki paregabeekin naturaren erdian.
23 ikuskizun, ehundik gora saio, gozatu ahal izango dira Pinosoloko lau gunetan. Aisialdiko hainbat proposamen: antzerkia, zirkua, zuzeneko musika, arte plastikoetako tailerrak, ipuin kontalariak, instalazio artistikoak eta jolasguneak, besteak beste.
Irekiera sinboliko gisa, gaur goizean hasierako ibilbide instituzionala egin da, eta bertan Leioako alkateak, Iban Rodríguez Etxebarriak, eta antolakuntza taldeko kideekin batera parte hartu du. Leioako alkateak nabarmendu duenez, “Apatx! Leioaren kulturaren aldeko apustu bizia da: gertukoa, irisgarria eta komunitatean gozatzeko modukoa. Pinosolo bezalako espazio batean, arteak eta naturak bat egiten dute agertoki bikaina sortzeko”.
Ostirala magiaz eta dibertsioz beterik
Lehen jardunaldi honen programazioa eguerdian hasi da, gustu guztietarako jarduerekin: antzerkia, zirkua, sormen tailerrak, ipuin kontalariak eta instalazio interaktiboak. Familia giroa izango da protagonista, Mama Crea, "Al abordaje" karrusel ekologikoa, Jokairen jokoak eta Bapatean eta Maletako ipuinak bezalako proposamenekin.
Eguneko ikuskizunik aipagarrienen artean, "Buztingilearen magia" (19:00etan), zirku poetiko eta zirraragarria Tartalo espazioan, eta New Tocadosen emanaldi alaia (21:30ean) daude, parkea erritmo, umore eta partaidetzaz beteko duen txaranga garaikidea.
Ekainaren 28an, larunbata, Swing Dance klasea izango da Little Harlemen eskutik (18:30ean), Maite Guevararen "¡Qué buen día!" clown ikuskizuna (19:30ean) eta Crazy Jazzers talde indartsuaren zuzeneko jazz kontzertua (21:30ean).
Gainera, kometa tailerra, zirku ikuskizunak, gurpil gaineko antzerkia, ipuinak, espazio artistikoak, food trucks gunea eta askoz gehiago egongo dira.
Igandean, ekainak 29, Trakamatraka (13:30ean), zirku garaikidea (Zirkozaurre) eta "Kobr3" (20:00etan) musika tresna birziklatuen ikuskizun familiarra izango dira.
Horrez gain, tailerrak, jolasak, instalazioak, antzerkia eta ipuinak, familian gozatzen jarraitzeko.Leioako
Udalak Apatx! jaialdiaren bidez kultura mota guztietako herritarrengana hurbiltzeko apustua egiten du, irekia, parte-hartzailea eta bizikidetzarako sortua. Topaketa berri honek jarraipena izateko bokazioa du, eta artea eta kultura komunitate osoaren gozagarri bilakatzeko helburua.