Martxan dira Leioako jaiak. Arratsalde honetatik aurrera, udalerriko kaleak musikaz eta dantzaz beteko dira 2025eko San Juanak ospatzeko. Mari Pepa eta Arlote izan dira jaie hasiera emateko enkargatuak, eta pregoian bizikidetza, parte-hartzea eta errespetuan oinarritutako jaiak aldarrikatu dituzte.
Aurtengo edizioan, eta Leioa Kirol Elkartearen mendeurrena dela eta, bi pertsona oso berezi arduratu dira udalerriko bi ikur enblematikoen papera hartzeaz. Javier Landeta, klubeko presidente ohia eta gaur egun Euskadiko Futbol Federazioko presidentea, Arlote izan da; eta Aitziber Rodríguez, zuzendaritzako kidea eta Leioako harrobiko haur baten ama, Mari Pepa izan da.
Pregoia irakurri ondoren, Leioako alkateak, Iban Rodríguez Etxebarriak jaurtitako txupinazoak eman dio hasiera kuadrillen jaitsierari, programazioaren momentu esperoenetako bat. 118 kuadrillek eta 54 karrozek parte hartu dute kalejira koloretsu eta musikaz betean, Elexalde, Iparragirre, Sabino Arana, Luis Bilbao Libano, Boulevard eta Jose Ramón Aketxe plaza zeharkatuz.
Jai-egunak Oihan Vega, Candy, Zea Mays eta Janus Lester-en musika animazioekin jarraitu du, eta ikuskizun ugarirekin Leioako hainbat gunetan: Aldapa Auditoriumean, Boulevardean eta Elexaldeko Txosna Gunean, azken hau datozen egunetan festetako gune nagusietako bat izango delarik.
Ekainaren 24ra arteko egitarau osoa
San Juanetako egitarauak asteartera arte iraungo du, ekainaren 24ra arte, eta mota guztietako jarduerak bilduko ditu. Ostiral honetan, Fito & Fitipaldis eta Estopari eskainitako tributu kontzertuez gozatu ahal izango da txosna gunean, baita Mugarri ikuskizun kulturalaz ere Aldapan. Asteburu osoan zehar animazioa eta musika izango dira nagusi, Efecto Pasillo, Always Drinking Marching Band, Rebeldes del Swing edo Belako bezalako taldeekin.
Larunbatean, hilaren 21ean, nobedade gisa aurten, kuadrillen mozorro gaua iritsiko da, kirol proba parte-hartzaileekin, herri-bazkariekin, kale animazioarekin eta kontzertuekin udalerriko hainbat lekutan.
Astelehenean, hilaren 23an, San Juan bezperako une berezienak biziko dira: Arrienako parkeko sua, Hortzmuga konpainiaren ikuskizuna, Akelarre eta herri txokolatada.
Asteartean, hilaren 24an, amaiera emango zaie jaiei meza nagusiarekin, haurrentzako ikuskizunekin, bertso-saioarekin eta ohiko azken traka ikusgarriarekin.
Jai egun guztietan Gune Morea martxan egongo da, eta gauetan, egoera zaurgarrian daudenentzat taxi zerbitzu doakoa eskainiko da.