Lurraldean hezkuntza-aisialdiaren arloan —boluntarioekin edo kontratatutako langileekin- lan egiten duten entitate eta antolakundeei zuzendutako babes-protokoloa eguneratu eta indartu egin du Bizkaiko Foru Aldundiak.

Protokoloaren dokumentuan hainbat gako eta tresna jasotzen dira Hezkuntza-aisiaren Arloan Ume eta Nerabeenganako Indarkeriaren balizko kasuak detektatzeko eta haien aurrean jarduteko.

Gaiari buruz indarrean dagoen araudia jaso eta biltzeaz gainera, protokoloak prebentzio-lanerako lagungarri izan daitezkeen hainbat proposamen, prebentzio-neurri eta tresna eskaintzen ditu. Eranskin batzuk ere baditu dokumentuak, non entitateek ereduak aurkituko baitituzte beren taldeetan aplikatzeko eta taldeon errealitatera egokitzeko.

'Jarduteko prozedurak' deritzon atal bat ere badago, non zehatz-mehatz azaltzen baita nola jokatu behar den indarkeria-kasu posible bat detektatuz gero (nola detektatu, nori jakinarazi, epeak...).

Protokolo berri hau martxan jarriko duten lehen profesionalak Bizkaiko Foru Aldundiko Udalekuak 2025 kanpainan eta Bizkaiko hezkuntza-aisialdiko erakundeek sustatutako aisialdiko jardueretan parte hartuko duten zuzendariak eta begiraleak izango dira. Horretarako, haurrak eta nerabeak babesteari buruzko bi prestakuntza-ikastaro planifikatu dira.

Eguneratze horrekin, Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi egiten du haurren eta nerabeen eskubideak hezkuntza-aisiako espazio guztietan babesteko apustua, prestakuntzaren eta protokolo argien bidez, bai eta ekosistema hori osatzen duten erakundeei laguntza emanez ere.

Protokoloa Bizkaiko aisialdiko elkarteei bidaliko zaie; gainera, Bizkaiko Foru Aldundiaren web-orrian eskuragarri egongo da, edo Aldundiaren Gizarte eta Hezkuntza Programen Atalari eskatu ahal izango zaio.

Bizkaiko hezkuntza-aisialdia zifratan

Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte eta Hezkuntza Programen Atalak hezkuntza-aisialdiko 102 elkarte dauzka erregistratuta. Badaude 13 entitate-matrizeak, 175 elkarte eta aisialdi-talde koordinatu eta aholkatzen dituztenak.

Bizkaiko Foru Aldundiaren udalekuei eta kanpamenduei buruzko dekretuaren bidez, 68 entitateri eman zitzaien dirulaguntza, 2024an, eta 8.360 haurrek parte hartu zuten udako jardueretan. 68 erakundeetatik, % 80k baino gehiagok urte osoan egiten dituzte jarduerak.

Bestalde, aisialdiko hezitzaileak prestatzeko eskola ofizialak direla eta, Bizkaian badaude begirale eta zuzendari izateko ikastaroak antolatzen dituzten halako zazpi eskola. 2024an, 500dik gora lagunek egin zituzten ikastaro horiek.