Ekainaren hasierarekin batera eta kontuan hartuta aurreko edizioek izandako harrera bikaina, Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarriko du lurraldea bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen duen 'Ibilbide Historikoak' izeneko programaren 15. edizioa. Irailera arte luzatuko da ekimena, eta herritarrek aukera izango dute ondare-balio handiko lekuetan sartzeko eta berriz ezagutzeko, bisita espezializatuen bidez.

Bederatzi ibilbide ezberdin eskainiko dira: burdinoletako ibilbideak, arkeologia-ibilbideak eta zin-bideak. Aurten, ibilbide arkeologikoen barruan, ibilbide berri bat eskainiko da: Basauriko Finagako kultur multzoa. Toki historiko hori Malmasin mendiaren hegalean dago kokatuta, eta bisita bereziki interesgarria da, Euskadiko sekuentzia historiko garrantzitsuenetako bat eskaintzen baitu, zehazki, erromatarren garaitik XI. mendera artekoa. Bertan, garrantzi handiko ermita eta nekropolia bisitatu daitezke.

Ibilbide historikoetako bisita guztiak kontsultatzeko, jo webgune honetara, deitu 688.856.689 telefono zenbakira edo bidali mezu bat ibilbideak@bizkaia.eus posta elektronikora.

'Ibilbide Historikoak' programaren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz ere, aukera eman nahi dio jendeari udako hilabeteetan Bizkaiko ondarearen altxor nagusiak eta haien natura- eta paisaia-ingurune paregabea eta harrigarria ezagutzeko. Bisita gidatuek Euskal Herria Museoaren, El Pobal burdinolaren eta Arkeologi Museoaren aholkularitza dute, bai eta Bizkaiko historiako monumentu paregabe horien indusketan, ikerketan eta kontserbazioan parte hartu duten profesionalen aholkularitza ere.

'Ibilbide Historikoak' programak bisita bereziak ere barne hartzen ditu, informazio historiko eta arkeologikoarekin batera bestelako ikuspegi interesgarriak eskaintzen dituztenak. Esaterako, Tribisburuko nekropolian, biologo aditu batek azalduko du bertako aberastasun botanikoak zer lotura daukan gure ingurunean gizakiak historian zehar izan duen bilakaerarekin; eta Arratzun Arrolako oppidumaren inguruneko eta Urdaibaiko euskararen ezaugarri eta berezitasunei buruz hitz egingo digu bertako izen handiko hizkuntzalari batek. Herri, auzo, erreka, mendi eta tontorren toponimia ezagutzeko aukera egongo da, baita izen horien esanahia eta arrazoiak ezagutzeko ere. Bestelako alderdiei buruzko informazioa ere ematen da: natura-guneak, bizimodu tradizionalak (esaterako, mendiko nekazaritza eta abeltzaintza), lanbide espezializatuak eta tokiko produktuen merkataritza. Gainera, antzinako industriak deskribatzen dira, adibidez, errotak eta energia hidraulikoa, bai eta eraikin garrantzitsuak ere, elizak, kaperak eta baserriak barne.

Bestalde, aurten Ereñozarreko gazteluko bisita zeinu-hizkuntzan egin ahal izango da.