Ekainetik irailera bitartean, bizkaitarrei lurraldeko ondare-balio handiko lekuetan sartzeko eta berriz ezagutzeko aukera emango die Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri berri duen 'Ibilbide Historikoak' programaren edizio berriak. Bada, Aldundiak egitarau berezia eta zabala prestatu egin du hamabosgarren edizio honetarako.
Burdinoletako bideak (ekaina)
Bisita gidatuen programa datorren ekainean hasiko da, burdinoletako bideekin. Ibilbide horietan Bizkaiko industriaurreko historia ezagutarazi nahi da, ibaien arroei, inguruko basoen eta meatzaritzaren aberastasunari eta espiritu berritzaile eta ekintzaileari lotua. Burdinola, errota eta tresna hidraulikoek oparotasun garaiak ekarri zituzten.
Bisita gidatu horietan parte hartzen dutenek Barbadun (Enkarterri) eta Lea (Lea Artibai) ibaietako ur-bazterrak ezagutu ahalko dituzte. Bi ibai-arro horiek kultura-ondasun gisa kalifikatu dira, monumentu-multzoaren kategoriarekin (Lea 2015ean eta Barbadun 2017an), haien ibaiertzetako ondarearen berezitasuna dela eta. Eraikin, presa, ur-biltegi eta ubideek, zubi eta bideekin uztartuta, jarraitutasuna ematen diote multzoari eta burdinaren kultura-paisaiak interpretatzen laguntzen digute.
Barbadungo ibilbidea ibai enblematiko horri lotuta dago; izan ere, Bizkaiko Jaurerriko burdinola eta erroten industriaren motorretako bat izan zen ibai hori. Ibaiak, landarediak eta ibaiertzeko basoek sortzen duten atmosfera lasaian, harridura sortzen dute bidean agertzen diren burdinolen istorioek. Bisitatuko direnen artean daude Llantada burdinola (Sopuerta), Ballibiako errota eta burdinola (Galdames) eta El Pobal burdinola ezaguna (Muskiz). Gainera, El Pobal Bizkaiko burdinola-museo bakarra da, eta bertan, garai hartako makineria osoa gordetzen du eta martxan ikusteko aukera izango dugu.
Lea ibaiaren burdinolaren ibilbidean, bisitariek ibilgu horren edertasunaz gozatuko dute. Izan ere, ibilgu horretan denbora gelditu dela dirudi, eta han-hemenka burdinolak eta errotak ikusi daitezke, dorre, jauregi, baserri eta baselizekin batera, industriaurreko gizartearen bereizgarri den paisaia batean egongo bagina bezala. Pedro Bernando Villareal de Berriz «ibai-ingeniari» ospetsuaren aztarna nabaria da ibilbide horretan. Besteak beste, Bengolea dorretxea eta burdinola eta Marierrota marea-errota ikus daitezke. Lea ibaiaren burdinolaren ibilbideak Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto, Mendexa eta Lekeitio udalerriak zeharkatzen ditu.
Bi ibilbideak oinez zein autobusez egin daitezke.
Ibilbide arkeologikoak Urdaibain, gure historia lurpetik ateratzen (uztaila eta abuztua)
Urdaibaiko ibilbide arkeologikoen bidez, Urdaibaiko eta Bizkaiko Historiaren 5.000 urteko historia ezagutu ahal izango da, Neolitotik Erdi Arora artekoa, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako paisaia ederraz gozatzen den bitartean.
Urdaibaiko eta Basauriko aztarnategi arkeologiko nagusiak uztailean eta abuztuan bisitatzeko aukera eskaintzen zaio jendeari. Ibilbide arkeologikoen egutegiak era guztietako bisitak biltzen ditu: tren turistikoan; oinez; arkeologiako, biologiako, toponimiako eta euskal filologiako adituen eskutik; bisita bereziak zeinu-hizkuntzan, etab. Gainera, programak bidaia bat proposatzen du denboran zehar: errealitate birtualaren bidez, Foruko erromatar herrixkara eta Arrolako oppidumera eramaten gaitu.
Beste jarduera erakargarri bat da Foruko erromatar herrixkan arkeologo-taldeak lanean ikustea. Talde horien ikerketaren emaitza gisa, 2018an aurkitutako eraikin termal bateko jardueren zirkuituko gela batzuk identifikatzea lortu da.
Kultura eskaintza horrek, Bizkaiko historiako gertaera erabakigarriak ezagutarazteaz gain, natura-ingurunearen eta ondarearen zaintza eta jasangarritasuna bermatu nahi ditu. Horregatik, bisitak talde txikietan egingo dira; gainera, bisita batzuk oinez egingo dira, eta, beste kasu batzuetan, tren turistiko batean, jende gehiagok parte har dezan.
Programak sei ibilbide gidatu eskaintzen ditu aztarnategi arkeologiko hauetan: Arrolako oppiduma (Arratzu), Foruko erromatar herrixka, Tribisburuko nekropoli erromatarra (Bermeo-Busturia), Ereñozarreko gaztelua (Ereño), Katillotxuko estazio megalitikoa (Mundaka, Sukarrieta eta Busturia), eta azkenik, aurtengo berritasun gisa, Finagako kultur multzoa.
Arrolako oppiduma (Arratzu)
Arrolako oppiduma (Arratzu) Kristo aurreko IV. mendeko aztarnategia ezagutzeko bisita birtuala izango da, eta tablet bat erabiliko da horretarako.
Arrolako oppiduma Kantauri Ekialdeko erromatarren aurreko herrixka garrantzitsuenetako bat da. Arrola mendian kokatuta, Burdin Aroko sekulako talaia eta defentsa-ingeniaritzaren erakusgarria da. Bisita osatzeko, Arrolagune interpretazio-zentroan (Arratzu) Arrolako oppidumeko etxebizitza bat erakusten da, garai hartako bizimodua azaltzeko.
Erromatar herrixka (Forua)
Foruko erromatar herrixkara egindako bisita birtualak iraganera eramaten gaitu, Kristo ondorengo I. mendeko herrixkara. Tablet baten bitartez, herrixka duela ia 2000 urte nolakoa zen ikusi ahal dugu, eta horrela, historia eta kultur ondarea herritarrengana gehiago hurbiltzea lortzen da.
Foruko erromatar herrixka Kristo ondorengo I. mendekoa da eta Elexalde mendixkan dago, Oka ibaiaren ezkerraldeko ibaiertzean, Urdaibaiko bihotzean. Herrixka ez ezik, Tourseko San Martin eliza ere bisitatzen da. Eliza horren zoru beiraztatuaren azpian, erromatarren foroaren parte ziren eraikin ikaragarri handien eta antzinako nekropolien aztarna baliotsuak daude, besteak beste.
Tribisburuko nekropolia (Bermeo)
Erromatarren garaiko errausketarako nekropoli baten hilobiak eta hileta-errituak ikusi ahal dira. Nekropolia Sollube mendian dago, eta duela 2000 urte Urdaibaiko alde horretan bizi zirenek erabiltzen zuten.
Ereñozarreko gaztelua (Ereño)
Ereñozar mendiaren tontorra gaur egun Urdaibaiko estuarioaren zelataria da, eta hala izan da duela 1000 urtetik. Tontorrean kokatutako ermita txikian kondaira eta historia batzen dira. Bertan, XI. eta XIII. mendeen artean jardunean egon zen gaztelu baten eta geroagoko nekropoli baten aztarnak ikus daitezke. Nekropoli horretan, Ereñozar mendiaren oinetan zeuden herrixketako biztanleak lurperatzen zituzten, XVI. mendean Ereñoko eliza eraiki baino lehen.
Katillotxuko estazio megalitikoa (Busturia, Sukarrieta, Mundaka)
Bizkaiko historiaurreko hileta-ohiturak eta -errituak ezagutzeko ezinbesteko bisita. Ibilbidea oinez egiten da, Katillotxu mendiko paisaia ikusgarrian trikuharriak eta tumuluak gertutik ikusten diren bitartean.
Finagako kultur multzoa
Finagako San Martin baseliza Malmasin mendiaren hegalean dago, eta inguru guztia garrantzi handiko kultur multzoa da Bizkaiko historia ezagutzeko. Baseliza Euskadin kontserbatzen den kristau-kultuko lehenengo tenpluetako bat da; nekropolian, erromatarren aurreko eta erromatarren garaitik XI. mendera arteko ehorzketa-multzo paregabea kontserbatzen da. Garai desberdinetako bilduma baliotsu horrek Bizkaiko arkeologiaren erreferente bihurtu du Finagako San Martin, eta informazio garrantzitsua eta aurkikuntza harrigarriak ekarri ditu.
Bizkaiko zin-bidea Gernikako arbolatik harago (iraila)
Bizkaiko Foru Aldundiaren 2025eko 'Ibilbide Historikoak' programa irailean amaituko da, Bizkaiko Zin-bidea ibilbidearekin. Bizkaiko Zin-bidea Bizkaiko Jaunak foruen zina egiten zuen tokietatik igarotzen da. Gure lurralde historikoaren bihotza zeharkatzeko eta gure identitate politikoaren jatorria ezagutzeko modu interesgarria da. Ondarea, historia, mendi-ibiliak eta paisaia.
Ibilbidea hiru etapatan egiten da, eta bi eratara egin daiteke: oinez hiru egunetan, edo autobusez egun bakar batean (goizez).
Zin-bidea Bilbotik abiatzen zen, Gernika-Lumon zuen erdigunea eta Bermeon amaitzen zen. Ibilbide horretan, Bizkaiko foruen zina egiten zen lekuak eta monumentuak ezagutuko dira. Gure historia eta Bizkaiko foruen esentzia dira esperientzia honen ardatz nagusia, eta aukera paregabea da gure ondare historiko ezezagunena eta Bizkaiko barnealdeko eta kostaldeko paisaien aberastasuna eta aniztasuna ezagutzeko.