Maiatzaren 26tik 30era bitartean, baita ekainaren 6an ere, Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko (PSSZ) suhiltzaileek Algortako Portu Zaharra izango dute entrenamendu-esparru. Bertan sarbide zaileko ingurune batean kokatutako etxebizitza batean sute baten aurrean erantzuteko gaitasuna probatzeko aukera izango dute.

Bost egunez jarraian Artatzako suhiltzaile-etxeko txanda guztiek parte hartuko dute etxebizitza batean sortu, eta ondoko eraikinetara zabaltzeko arriskua duten suteei aurre egiteko simulakroetan. Helburu nagusia da gertuen dagoen suhiltzaile-etxeko itzaltze-taldeek lehen erantzuna entrenatzea, ingurune historiko horren berezitasunak kontuan hartuta.

Iaz, Plentzia, Portugalete, Urduña eta Bermeo izan ziren esku hartzeko era horretako maniobrak ingurune errealetan egiteko aukeratutako herriak, larrialdietan erantzuna hobetzen jarraitze aldera. 2023an, Durango, Lekeitio, Elantxobe eta Balmasedako hirigune historikoetan egin ziren simulakroak.

Entrenamenduen garrantzia

Hirigune historikoetako etxebizitzetako suteak egoera bereziki konplexuak dira larrialdi-zerbitzuetarako, hainbat faktorek bat egiten baitute (kamioiek sartzeko duten zailtasuna, ur-horniduraren mugak, ekipoekin maniobrak egiteko zailtasuna, eraikin zaharren pilaketagatik etxebizitzen eta eraikinen artean sua zabaltzeko arrisku handiagoa, etab.). Horregatik, funtsezkoa da lehenengo erantzuna zehatza eta efektiboa izatea, hartara, arriskuak ahalik eta txikienak izan daitezen bai ukitutako pertsonentzat, bai esku hartzen duten taldeentzat eurentzat.

Maniobren garapena

Entrenamendu horiek, udalekin batera diseinatutakoak, egunero egingo dira hirigune historikoko puntu desberdinetan, eta, hartara, taldeek ahalik eta egoera eta leku gehienei aurre egin ahal izango diete. Horiei esker, suteen aurkako segurtasunaren lehentasunezko zenbait alderdi praktikan jarri ahal izango dira lekuan bertan, hala nola ibilgailu astunak sartzea eta kokatzea, sua estalkitik zabal ez dadin autoeskailerak posizionatzea, instalazio hidraulikoak espazio konplexuetan (karkabak, aldapak, etab.), edo pertsonak eskuzko eskailerekin erreskatatzea, besteak beste.

Entrenamenduak suhiltzaile-etxean hasiko dira, eta han hartuko dira lehenengo erabaki taktikoak. Ondoren, suhiltzaileak esku hartzeko eremura joango dira, eta maniobra bi ordu inguruan egingo dute, 11:00etatik 13:00etara.  

Erantzun eraginkorragoa emateko ebaluazioa

Prestakuntzaz gainera, simulakro hauek hirigune historikoko puntu desberdinetan egiteak aukera emango du datu asko lortzeko eta prebentzio operatiboaren analisi bat egiteko. Horri esker, lehendik dagoen informazioa hobetu egingo da, eta, hala, benetako larrialdi bat egonez gero, PSSZko agintariek eta Bizkaia Prest larrialdiak kudeatzeko zentroak erabakiak arin hartu ahal izango dituzte eta esku-hartzeak modu eraginkor eta efizienteagoan ebatziko direla bermatu ahal izango dute.