Síguenos en redes sociales:

Euskararen Etxeak irabazi du Europako Kontseiluaren 2025eko Museo Saria

Bilboko San Inazio auzoko interpretazio-zentroa EMYA 2025 sarietarako izendatu dute Europako museo onenen artean

Euskararen Etxeak irabazi du Europako Kontseiluaren 2025eko Museo SariaBFA

Europako Kontseiluko Parlamentu Biltzarreko (PACE) Kultura Batzordeak Euskararen Etxea saritu du 2025eko Museo sariarekin. Datorren astelehenean, apirilaren 7an, jasoko du saria bere zuzendariak, Iurdana Acasusok.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatu Leixuri Arrizabalaga lagun izango ditu Europako Kontseiluaren Estrasburgoko egoitzan egingo den ekitaldi batean.

Antolakuntzak nabarmendu duenez, Euskararen Etxea museo txiki bat da, hizkuntza bat babesteko erronka erakusten duena. Hona datozenek euskaraz entzun, irakurri eta abestu dezakete. Erakusketa lau hizkuntzatan dago (euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa), eta horri esker bisitariek aukera dute Europako hizkuntza horiek elkarrekin dituzten antzekotasunak eta eraginak arakatzeko.

Konstantinos Efstathiou (Zipre, SOC) Museo Sariaren Batzordeko ordezkariaren arabera: Euskararen Etxea oinarriko ekimen bat da, belaunarteko jarduerak dituena euskararen transmisioa eta erabilera sustatzeko. "Museo txiki handia" da, eta pertsonal iraunkorreko hiru langile baino ez ditu, zeinek jarduera asko eta bazkide-sare bat kudeatzen dituzten.

1977 ezkero, Europako Kontseiluaren Museo Saria museo bati urtero ematen zaio era aipagarrian laguntzeagatik Europako kultur ondarea ulertzen, giza eskubideen eta demokraziaren errespetua sustatzen, kultur zubiak sortzen, muga sozial eta politikoak gainditzen, egungo problema sozialei buruz bisitariek duten ezagutza eta ulermena areagotzen eta herritartasun demokratikoaren ideiak esploratzen.

Europako urteko museoaren sarien (EMYA) parte da Euskararen Etxeak irabazitakoa. Sariaren arestiko irabazleen artean hauek daude: Białystok-eko Sybir Oroipen Museoa (Polonia, 2024), Kopenhageko Langileen Museoa (Danimarka, 2023) eta Cork-eko Nano Nagle Place (Irlanda, 2022).

Kultura, Zientzia eta Hezkuntza Batzordean hitz-hartzea

Geroago, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobek hitza hartuko du Kultura, Zientzia eta Hezkuntza Batzordean, estatu kideetako ordezkariekin batera, eta museoek Europako gizartearen demokratizazioan duten zereginari buruz eztabaidatuko dute.