Síguenos en redes sociales:

Manuel Gainza aparkalekuko egoiliarrentzako plazak esleitzeko prozedura berria hasiko du Getxok

Aplikatu beharreko prezio publikoa hilean 84,7 eurokoa izango da, eta lehenengo urteko zenbatekoa aldez aurretik ordaindu beharko da

Gaur egun indarrean dauden kontratuak amaitu ahala esleituko ditu Getxoko Udalak Manuel Gainza aparkalekuko 3. solairuan dauden egoiliarrentzako 86 plazak. Esleipena, hasieran, urtebeterako izango da, eta gehienez beste hiru urtez luzatu ahal izango da.

Aplikatu beharreko prezio publikoa hilean 84,7 eurokoa izango da, eta lehenengo urteko zenbatekoa aldez aurretik ordaindu beharko da. Hala ere, datorren asteko osoko bilkura arruntean onartu beharko da aparkalekuaren araudia aldatzea, partzelaren ordainketa zatika egin ahal izateko, hilabetez hilabete, kontuan helbideratuta. Onartuz gero, eta neurri hori aplikatu arte, urteko kuota osoa ordaindu beharko da. Kontratua sinatzeko aplikatzen bada, hilez hil ordaindu ahal izango da.

Izendatutako eragin-eremuan gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin erroldatuta dauden adin nagusiko pertsonek eskatu ahal izango dute plaza.

Gainera, eskatzaileak indarrean izan beharko du gidabaimena, eta turismo baten jabe edo erabiltzaile esklusiboa izan beharko du. Hasiera batean, plaza bakarra eskatu ahal izango da ibilgailuaren titular bakoitzeko. Hala ere, bigarren plaza bat eta hurrengoak eskatu ahal izango dira, baldin eta plaza guztiak bete ez badira.

Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, martxoaren 24an Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik kontatzen hasita. Beraz, epea martxoaren 25etik apirilaren 14ra arte egongo da zabalik, biak barne.

Mugikortasun urriko pertsonentzako ibilgailuentzako hiru plazetan interesa duten bizilagunek "Minusbaliatuentzako aparkaleku-txartela" eduki beharko dute eta ibilgailu bat izan beharko dute eskura.

Eskabideak ezarritako epearen barruan aurkeztu beharko dira, Arreta Elektronikorako Bulegoan edo Herritarren Arretarako Bulegoetan. Eskaera-eredua udalaren web orrian egongo da eskuragarri herritarrentzat.