Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak proposatuta, BI-2704 errepideko sarbideak antolatzea eta hobetzea onartu du. Errepide horrek Asua eta Plentzia lotzen ditu, Unbetik igarota. Aireporturako sarbideetako bat da, batez ere Eskuinaldetik, baita Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Bizkaiko campuserako sarbidea ere.

Bi biribilgune eraikiko dira, bidegurutze banatan, bidearen segurtasuna areagotzeko eta, aldi berean, trafikoa arintzeko. Gainera, jarduteko tartean hobetu egingo dira drainatzea, bide-zorua, argiztapena, seinaleztapena, balizajea eta eusteko sistemak. Lanek 20 hilabete iraungo dute, eta 3,16 milioi euro inbertituko dira, Loiuko Udalarekin sinatutako hitzarmenaren bidez finantzatuta.

Jarduketaren xede den tartea Loiuko udalerrian bertan dago, eta bi bidegurutzeri eragiten die (1. eta 2. irudiak)

  •  BI-3707 errepidearekiko bidegurutzea. Errepide horrek Loiuko hiri-eremua zeharkatzen du eta aireportuko lotunean amaitzen da. Eremu horretan zenbait ikastetxe daude, eta haietarako sarbide nagusia bide hori da. Horrek autobus-trafiko handia sortzen du inguru horretan.
  •  Ibarrondo bidearekiko bidegurutzea (aurrekotik 140 bat metrora), zeina foru-errepidearen ezkerraldean baitago. Ibarrondo bideak zerbitzua ematen die zenbait baserriri. Gainera, eskuineko ertzean, plangintza-fasean dagoen hirigintza-garapen bat dago aurreikusita.

Bestalde, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak Gobernu Kontseiluaren oniritzia lortu du BI-4533 errepidea zabaltzeko eta Mendeikako (Urduña) sarbidea, zerbitzu publikoena zein partikularrena, hobetzeko beharrezkoak diren jarduketak egiteko. Bizkaiko Foru Aldundiak Urduña Udalarekin eta Mendeikako Administrazio Batzarrarekin elkarlanean egingo ditu bide-segurtasuna hobetzeko lanak.

Jarduketa hau egiteko arrazoia erreferentziako bihurgunean gainzabalera txikia izatea da, horrek arriskua eragiten baitu bi ibilgailu gurutzatzen direnean.

Lanek 46.398 euroko inbertsioa izango dute, martxoan hasiko dira, eta egikaritzeko epea hilabete izango da.