Bizkaiko Foru Aldundiak teknologia kuantikoari heltzeko zerbitzua eskainiko die Bizkaiko enpresei. Zerbitzu horretan laguntza profesional pertsonalizatua eta azpiegiturak ipiniko dira enpresen eskura, teknologia kuantikoaren esperimentatzeko eta soluzioak probatzeko. Eskaintza berri horren xehetasunak datorren astelehenean, otsailak 24, emango dira ezagutzera, foru-gobernuak Biqain-Bizkaia Quantum Advanced Industries estrategiaren esparruan antolatutako jardunaldi batean, Bilboko BAT dorrean, 10:00etatik 13:00etara.
Kuantika teknologia disruptiboa da, eta funtsezkoa izango da estatuko eta nazioarteko enpresa-garapenean. Sektore askori eragingo die, eta prozesu gehienetan izango du inpaktua. Hala erakutsiko da topaketa profesional honetan, tokiko arrakasta-kasu praktikoak aurkeztuz, protagonistek eurek kontatuta. Horrela, enpresa batzuek hainbat teknologia kuantiko nola inplementatu dituzten eta horrekin lehiarako zer abantaila lortu dituzten jakinaraziko da.
Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza, Talentua eta Enpresen Lehiakortasuna Bultzatzeko zuzendari Joseba Mariezkurrenak emango dio hasiera topaketari. Bertan, Lantik-Aldundiko berrikuntza- eta teknologia-sozietateko Berrikuntzako zuzendari Valentín Garcíak enpresen eskura dauden zerbitzuen xehetasunak emango ditu: hautagarritasun-irizpideak, zenbatekoak, eskabideak aurkezteko epeak eta abar. Ondoren, hiru mahai-inguru egongo dira familia kuantiko bakoitzaren eskaintza-eskarien kasu praktikoak erakusteko:
- 1. mahai-ingurua. Konputazioa eta simulazioa. Parte-hartzaileak: Ibermática Fundazioa, Global Data Quantum, QCentroid, Quantum Mads, Falcondale eta Erhard-Serikat
- 2. mahai-ingurua. Komunikazioak eta zibersegurtasuna. Parte-hartzaileak: EHU Quantum Center, Telefónica eta Oesía
- 3. mahai-ingurua. Sentsorika eta metrologia. Parte-hartzaileak: EHU Quantum Center, QUBIZ Team eta Tecnalia
Teknologia kuantikoek efektu eraldatzailea dute prozesamenduan, komunikazioen segurtasunean eta datuetan, bai eta propietate fisiko jakin batzuk neurtzeko prozesuetan ere. Inpaktu hori nabarmena izango da Bizkaiko enpresa gehienen balio-kateentzat, haien jarduerak optimizatuko baitituzte eta, horrela, eskala handiko eraldaketa lehiakorra sortuko baita. Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen duen eta Eusko Jaurlaritza buru duen BasQ aliantzaren parte den estrategia industrial kuantikoak —Biqain— errealitate hori hurbilduko du «Teknologia kuantikoen ezarpena eta aplikazioa bultzatzeko deialdia» jardunaldian.