Bizkaiko Foru Aldundiak 465 plaza eskaintzen ditu adinekoen kolektiboaren arrakala digitala murrizten laguntzeko prestakuntza-tailerretan (bigarren edizioa). Horrela, digitalizazioaren abantailak Bizkaiko herritar guztiengana iristea lortu nahi du Aldundiak. Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen du eta arrakala digitala murrizteko Adiskidetza Digitalaren proiektuaren barruan kokatzen da.
Ia-ia berrogeita hamar plaza eskaini dira 31 tailerretan parte hartzeko (20 gaztelaniaz eta 11 euskaraz). Tailerrak 7 eskualdetako 27 udalerritan garatuko dira, eta, horrela, ia Bizkai osoa hartuko du. Prestakuntzako jarduerak astelehenean hasi ziren, Durangon; asteartean, Amorebieta-Etxanon egin ziren; atzo, Bermeon, eta gaur, ostegunean, Mungian. Tailerrak urte osoan zehar egingo dira, eta azkenak Berangon izango dira, abenduan.
Doako prestakuntza arrakala digitala murrizteko
Adiskidetza Digitala programaren prestakuntza-jarduera nagusia bi orduko lau tailer izango da. Tailer horien helburua adinekoek telefono mugikorra behar bezala erabiltzen ikastea da. Parte hartzeko ez da beharrezkoa aldez aurretik ezagutzak edukitzea, hastapeneko oinarrizko informazioa baita. Tailerretan parte hartzeko baldintza bakarra da nork bere telefono mugikor adimenduna edo smartphone-a eramatea.
Izena emateko modua eta online edukiak
Parte-hartzaileen kopurua mugatua denez, prestakuntza-ekintza horietara bertaratzeko interesa dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena. Ez da beharrezkoa prestakuntza ematen den udalerrikoa izatea, jarduerak herritar guztiei zuzenduta baitaude, bizitokia edozein delarik ere.
Adinekoekin lankidetzan egin eta Estatuan saritua izan den proiektu bat
Adiskidetza Digitalaren proiektua abiarazi aurretik, lankidetzako dinamika bi garatu ziren Bizkaiko Adinekoen Kontseiluarekin eta Nagusiak elkartearekin. Baterako lan horri esker, adinekoen kolektiboak teknologia berrietan dituen beharrizanak identifikatu eta kolektibo horren arrakala digitala txikiagotzeko irtenbide espezifikoak ezarri ziren. Irtenbide horiek hainbat arlotakoak dira, esaterako, teknologia berrien arloko prestakuntza eta gaikuntza, eta horren ondorioz egin da tailerren egutegi hau.
Foru Aldundiaren Adiskidetza Digitala proiektuak Berdintasun Digital Jasangarriko Estrategia Onenaren saria jaso zuen, Berrikuntzaren eta Zerbitzu Publikoen XII. Kongresu Nazionalean (Madril, 2022ko abendua).