Elixabete Etxanobek, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Metro Bilbaoko Aginte-Postu Zentralizatu erredundante berria bisitatu du gaur goizean, Metroaren segurtasuna eta eraginkortasuna hobetuko dituen ekipamendua. Egungo Aginte-Postu Zentralizatuak (APZ) operatibitatea galtzen badu Aginte-Postu honek zerbitzua egoera berean mantentzea ahalbidetuko du. Gainera, Metroa etengabe hobetzeko prozesuaren barruan, langileak prestatzeko zentroa ere izango da.

Ahaldun Nagusiak azpimarratu duenez, Arizko zentro erredundante berri hau beste aurrerapen garrantzitsu bat da Metro Bilbaoren segurtasunerako eta operatibitaterako. Martxan jartzeak zerbitzua aktibo eta baldintza osoetan mantendu ahal izatea bermatzen du, edozein gorabeherarengatik beharrezkoa izanez gero eragiketa guztien kontrola bere gain hartuko lukeelako. Urtean 5 milioi kilometro inguru egiten dituen zerbitzu baten eraginkortasunerako funtsezko azpiegituraz ari gara. Gaurkoa bezalako egunetan, neguan, Metro Bilbaok 14.000 kilometro baino gehiago egiten ditu egunero, eta puntualtasun-indizea % 97tik gorakoa da.

Aginte-Postu erredundantea Arizko (Basauri) tailerretan dago, Bilboko Nafarroa kalean dagoen eta egunero ustiatzea ahalbidetzen duten sistema guztietako eragiketak bideratzen dituen gaur egungo Aginte-Postu Zentralizatutik fisikoki bereizita. Zentro berriak 4.735.258,81 milioi euroko inbertsioa behar izan du eta bi gune bereizi ditu: zerbitzariak eta sareko ekipamendua instalatu diren gela tekniko bat, eta operatiboa zuzentzen eta kontrolatzen duten langile operadoreentzako beste gela bat. Azken gela horretan metro-sare osoa (trenen trafikoaren, energiaren, ekipo osagarrien eta komunikazioen kudeaketa) bistaratzeko eta kontrolatzeko hainbat eragiketa-postu eta sistema daude. Gainera, larrialdiren bat gertatuz gero, krisi-mahaia deitzeko bilera-espazioa du.

Bi gela horien ondoan beste instalazio batzuk daude behar izanez gero zerbitzua betetzeko ezarritako txandetan Arizko APZn lan egiten duten langileei zerbitzua emateko (komunak, office-a...).

Zentroak bost modutan jardun dezake

APZ erredundante berria lanerako prest dago eta bost modutan jardun ahal izango du:

  •  Modu pasiboa. Zentroa modu pasiboan dagoenean osatzen duten ekipoak piztuta daude, baina ingurune guztiak geldirik; beraz sistema operatiboaren mailan gaur egun Nafarroa kaletik jarduten duen APZren eta Arizkoaren arteko komunikazioa baino ez dago. Modu honek APZ erredundantea behar den unean abiarazteko zain jartzen du.
  •  Simulazio-modua. Aginte-postu erredundantea langileen prestakuntzarako erabiltzea ahalbidetzen du, sistemaren eguneroko jardunari eragin gabe benetako instalazio batekin lan eginez.
  •  Kontsolak bakarrik modua (gainbegiratzea). APZren gelara fisikoki sartzea ezinezkoa den, baina horren sistemak martxan eta operatibo badaude, ezohiko egoera batean, Arizko instalazioetatik lan egin ahal izango da homologoaren zerbitzariak erabiliz, benetan Nafarroa kaletik lan egingo balitz bezala.
  •  Zerbitzariak bakarrik modua. Funtsean Nafarroa kaleko gela teknikoko ekipamenduaren mantentze programatua egiteko pentsatuta dago. Modu honetan Aginte-Postu Zentralizatuan kokatutako kontsoletatik lan egin daiteke, Arizen kokatutako zerbitzariekin konektatuz.
  •  Modu aktiboa. APZ erredundanteak aginte-postu erabat operatibo gisa funtzionatzen duen modua da. Gorabehera larri batek egungo APZ baliogabe utziko balu, langileak Arizera joango lirateke aginte-postu erredundantetik lan egitera.

Ekipamendu berri hau behin betiko martxan jartzeko hainbat proba egin ziren iazko azaroan eta abenduan, eta arrakastaz amaitu ziren. Saio horien ondoren prestakuntza-prozesuari ekin zaio, langileak eragiketa kokapen berri honetatik kudeatzen ohitu daitezen. Gainera, hasierako egokitzapen-aldi hau amaitutakoan lau hilean behin Arizen jardungo da, langile guztiak entrenatuta edukitzeko eta erremintak eta instalazioak mantentzeko.

APZren funtzioak eta ustiapen-datuak

Aginte-Postu Zentralizatua Metro Bilbaoren operatiba zuzentzen duen zentroa da. Postuak Metroaren sarearen 45,10 kilometroko trafiko-sistema, energia-hornidura, komunikazioak eta Metroaren instalazio guztiak, hala nola geltokietako argiteria, sarbideak, eskailera automatikoak, igogailuak, ponpaketa- eta aireztapen-instalazioak, gainbegiratzen ditu, baita txartelen igorpenak eta bezeroen sarrera-kontrola ere.

APZk ustiapenari eta segurtasunari laguntzeko funtzioak betetzen dituen telebista-zirkuitu itxia ere gainbegiratzen du. Zentzu horretan Aginte-Postu Zentralean Metro Bilbaoko 42 geltokien irudiak ikusten dira.

Zentro hau funtsezkoa da Metroaren eraginkortasunerako; izan ere azpiegitura honek urtean 200.000 zirkulazio baino gehiago eta 4,8 milioi kilometro baino gehiago egiten ditu.

2024an Metro Bilbaok 100.363.551 bidaia egin zituen; lanegunetan (erabiltzaile gehien dituztenak)  batez beste 310.886 bidaia izan ziren, hau da, 2023an baino % 8,6 gehiago.

Geltokiei dagokienez aurten, berriz ere, bidaiari gehien bildu dituena Zazpikaleak/Casco Viejo izan da, destinoan 8,3 milioi bidaiarekin. Ondoren Santimami/San Mamesekoa dator, destino moduan 7,45 milioi bidaia baino gehiago biltzen dituena.