“Artisau munduan teknologia berriak sartu dira, tradizioa eta berrikuntza uztartuz”
Gaur eta bihar Durangoko Andra Mariko elizpean Eixu Artisau Elkartearen Artisau Azoka izango da. Aurkene Pagalday elkarteko kideak xehetasunak azaltzen ditu
2016an, Elorrio eta inguruko artisau eta sortzaileak batzeko beharraz ohartuta, Eixu Artisau Elkartea sortu zen. Helburua argia zen: ofizioa indartzea eta artisauen eta sortzaileen lanari balioa ematea sektorea indartuz. Ordutik hamaika ekimen antolatu dituzte; horietako bat Durangoko Andra Mariko elizpean egingo den Artisau Azoka izango da. Gaur eta bihar artisautzan dagoen aniztasuna plazaratuko da herritarrentzat eta Aurkene Pagalday Eixu Artisau Elkarteko kideak egungo egoera eta erronkak azaltzen ditu elkarrizketa honetan.
Zer artisautza mota sustatzen du elkarteak eta zenbat pertsona dira elkarteko kide?—
Gaur egun 6 kidez osatutako elkartea gara eta kalitatezko eta profesionaltasun lanak sustatzen ditugu. Beti ere azoketan produktuen aniztasuna bermatzen saiatzen gara bezeroarentzat erakargarria izan daiten. Ahal dugun neurrian erakusketak ere antolatzen ditugu edota azokak girotzeko beste ekintzak batzuk (antzerkia, musika…)
Zer euskarri edo baliabide mota ematen dizkio elkarteak artisau edo sortzaile bati?
—Urtean zehar hainbat azoka antolatzen ditugu Durangaldean zehar eta beste herri batzuetan ere (Deba, Mutriku edota Markina-Xemein). Sortzaileei erakustaldi eta salmenta puntu hauek eskeintzen jarraituko dugu.
Zeintzuk dira elkarteak gaur egun dituen erronka nagusiak?
—Gaur egungo gizartearen norabidea ikusita ezinbestekoa ikusten dugu instituzioen laguntza, erraztasunak emanez sektorearen jasangarritasuna eta profesionaltasuna ziurtatzeko eta belaunaldi berriak artisautzaren munduan murgiltzera animatzeko. Artisautza ez da bakarrik iragana gogorazten digun ogibidea, baizik eta etorkizun oparo baten oinarri bihurtu beharko litzatekeena ere bada.
Urtean zehar zer proiektu edo egitasmo garatzen dituzue?
—Urtean zehar 15 azoka inguru antolatzen ditugu hanbat herritan: Durango, Elorrio, Mutriku, Markina-Xemein eta Deban. Azoka batzuk udalekin elkarlanean antolatzen ditugu. Beste azoka batzuk auzoko elkarteekin antolatzen ditugu, kasu hauetan hasiberriei leku bat emanez.
Jarduera horietako bat, hain zuzen ere, Durangoko Gabonetako egitarauaren parte den Artisau Azoka izango da. Zenbat postu eta zer ikusi ahal izango da bi egun hauetan?
—15 artisau sortzaile izango gara, horien artean bitxigintza, ilustrazioa, larrua, bisuteria, mikromakramezko lanak, erropak, ehungintza osagarriak eta egurrezko osagarriak. Zorroztasunez aukeratutako sortzaileak dira bisitariari kalitatezko produktuak eskeiniz eta azken momentuko oparientzako azoka aproposa izanik. Azokaren ordutegia 11.00etatik 21.00etara izango da eta bihar hilak23, arratsaldeko 18.00etan Zugame kontukontalariak izango dira azoka girotzeko. Bestalde, urtea amaitzeko abenduaren 24an Elorrioko Gabonetako Azoka antolatu dugu Herriko Plazan 10:30 -15:00 bitartean.
Horrelako hitzorduak euskal artisauen topagune bihurtzen dira, baina baita edozein pertsonak produktu horien balio erantsia ikusteko aukera paregabea bilakatzen da, ezta?
—Azokak gure kultura eta gure identitatearen zutabe garrantzitsuak dira. Azoketan sortzen den giroa berezia da eta bezeroak sortzaileekin harreman zuzena du, bezeroak produktua probatzeko aukera ere dauka edota enkargu bereziren bat nahi izanez gero zuzenean hitz egin dezake artisauarekin.
Zer eragin izan du teknologiak artisautzaren bilakaeran? Eta elkartearen jardueretan?
—Artisau munduan ere teknologia berriak sartu dira, tradizioa eta berrikuntza uztartuz. Adibidez, 3D inprimaketak, piezak makina baten bitartez egin arren piezen azken ukituak eskuz egiten dira pieza bereziak sortuz. Teknologia berriek ikusgarritasuna handitzen laguntzen digute, hala nola, sare sozialen erabilera, gure lana zabaltzeko eta baita artisau eta sortzaile berriekin kontaktua izateko.
Más en Bizkaia
-
Un verano lejos del miedo: familias de Bizkaia ofrecen refugio y esperanza a niños y niñas ucranianos
-
Comienzan las obras en el viaducto de Kukularra: así afectará al tráfico en el Txorierri
-
La lotería deja una lluvia de miles de euros en Bizkaia
-
Rock y pop electrónico en la despedida de los conciertos Bereziak