Elorriok jardueraz beteriko egitaraua eskainiko du Gabonetan
Elorrioko Udalak egitarau berezia bezain zabala prestatu du Gabonetarako, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean antolatutako jarduerez betea. Hala, adin guztietarako ekintzak biltzen ditu, familia osoa gozatu dezan.
Aste honetan hasiko dira ekitaldiak: gaur, asteazkena, kontzertua emango dute plazan Musika Eskolako ikasleek, Vulcanizadas taldearekin batera, 18:30ean; eta hilaren 20an, ostirala, San Tomas feria egingo dute herri eskolako umeek, toki berean. Abenduaren 22rako beste kultur ekitaldi bat antolatu da, kasu honetan, Arriola antzokian. La crisis de la imaginación antzerki familiarra eskainiko du Rauxa konpainiak, 17:00etan hasita.
Abenduaren 24an goizez eta arratsaldez egongo dira ekintzak. Artisau eta sortzaileen azokak plazan irekiko ditu ateak lehen ordutik eguerdira bitartean, lehen eskutik sorkuntza eta lanak eskaintzeko. Bien bitartean, kiroldegiko igerilekuko puzgarrietan jolasteko aukera izango dute LHko 4, 5 eta 6. mailetakoek. 10:00etan izango da LH4- koen txanda, 11:00etan LH5-ekoena eta 12:00etan LH6-koena.
Arratsaldean haurrek hainbeste esperotako momentua iritsiko da; 18:00etan agertuko dira elizpean Olentzero eta Mari Domingi, txikienak agurtu eta haien gutunak batzeko. Aurtengo Santxibiri lasterketa hilaren 29an ospatuko da. Korrika egiten lehenak umeak izango dira, 11:30ean, eta adinaren araberako ibilbideak izango dituzte aukeran. Ordubete beranduago hasiko da helduena; izen-ematea zabalik dago.
2024ari agur eta 2025ari ondo etorri mendian esango zaie, nola ez. Urtezahar egunean Atxaurrutxegaina eta Gongetara egingo da ibilaldia, eta Urteberri egunean Erdella izango da helmuga.
Urtarrilaren 5ean, bestetik, Errege Magoak etorriko dira Elorriora, eta 18:30ean agertuko dira elizpean.
Hitzordu gehiago
Jarraikortasun handiagoko ekintzak ere badaude antolatuta. Adibidez, haur parkea jarriko da Hilario Azkarate frontoian abenduaren 27tik 29ra eta urtarrilaren 2tik 4ra, goizez eta arratsaldez. Gainera, zabalik egongo dira Iturri Kultur Etxeko bi erakusketak: Ana Herranzen eskultura eta argazkiak erakusketa gelan eta 2025eko egutegirako aurkeztutako argazkiak Udal Liburutegian.
Temas
Más en Bizkaia
-
Elikagaien xahutzearen aurkako lankidetza-hitzarmena sinatu du Bizkaiak
-
Del coma a las autoescuelas: Ainhoa Elorriaga comparte su experiencia para frenar las imprudencias al volante
-
Bilbao registra menos de tres sanciones diarias por rebasar el tiempo de la OTA
-
Los Pinzas de Sanfuentes cumplen medio siglo