Getxoko Udaltzaingoak, Ertzaintzarekin lankidetzan, segurtasun- eta zaintza-kanpaina berezia jarriko du martxan aste honetatik urtarrilaren 18ra bitartean Algorta, Areeta eta Romoko merkataritza-guneetan.

Polizia-lantaldean honako unitate hauek hartzen dute parte: Bizilagunen Babesa, Argiketak, Trafikoa, Auzozainak, Merkataritza eta Ikerketa.  

Egun hauetan, bi polizia kidegoetako agenteek aurrezaintza areagotuko dute ibilgailuz eta oinez udalerriko denda gehienak dauden guneetan. Gabonetako dispositibo berezi honen helburua delitu-egitateak prebenitzea da, normalean ebasketa eta lapurreta txikiak. “Kanpaina honen helburua da bezeroak babestea Gabonetako erosketak modu seguruan egin ditzaten, eta halaber, saltzaileei segurtasun-berme berberak eskaintzea. Kanpaina horrekin batera, Udaltzaingoak zaintza-lanak egiten jarraituko du bai ordutegiak betetzeari bai herritarren segurtasunari dagokienez”, Keltse Eiguren Herritarren Segurtasunerako zinegotziak adierazi duen bezala.

Aldi berean, Udaltzaingoak dendariei eta, oro har, herritarrei ere, lapurretak eta ebasketak saihesteko prebentziorako zenbait aholku eskaintzen die, bereziki nabarmenduz kutxazainetan egiten diren eragiketak, etxe barruko segurtasuna, auto barruko lapurretak saihestekoak, eta kalean gerta daitezkeen ebasketak.

Edozein ebasketa, iruzur edo lapurreta izatekotan, poliziek gomendatzen dute delitugileari aurre ez egitea, eta eskatzen dute saiatzeko gogoratzen delitugilearen identifikazioa egiteko lagun ditzaketen ezaugarriak. Halaber eskatzen du poliziari ahalik eta lasterren deitzea (94 466 02 02 edo 112) eta beti salatzea gertatutakoa.