Gaurtik aurrera, Bermeok Gabonak ospatuko ditu Udalak herriko elkarteekin elkarlanean antolatu duen programarekin, eta urtarrilaren 5era arte, adin guztietako herritarrei zuzendutako mota guztietako gizarte, kirol eta kultur jarduerak izango dira. Ekitaldien artean kirolak, kontzertu ugari, kalejirak, edota ikuskizunak egongo dira, eta zelan ez, Mari Domingi eta Olentzero, eta Hiru Errege Magoak ere Bermeon izango dira.
Iazko formatuari eutsita, aurten ere Mari Domingi eta Olentzero bi aldiz ikusteko aukera egongo da. Abenduaren 22an, 11.30etik 14.30era Goiko Plazan egongo dira Bermeoko Erraldoien Konpartsakoekin batera. Bertan, herriko umeek Mari Domingi eta Olentzerorekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute, eta hori izango da Mari Domingi eta Olentzerogaz argazkiak ateratzeko aukera bakarra. Izan ere, abenduaren 24an, 17.00etan hasita, kalez kale ibiliko dira, Ataldetik hasita.
Berritasun asko ere badaude aurtengo Gabonetako egitarauan. Esaterako, abenduaren 24an, eguerdian, Josepa Kale-Kalek eta Ross dantza taldeak, Udalaren laguntzarekin, kalejira bat antolatu dute. Horretarako, herriko hiru ikastetxeetako LH3ko ikasleak prestakuntza lanetan aritu izan dira azken hilabetean; 12.15ean hasiko dute kalejira Taraskatik. Herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera, gabon gaua girotzeko
Kirol zaleentzako aukera ugari ere badaude Gabonetan, eta aurten, gainera, sasoi batean egiten zen 24 orduko futbito txapelketa berreskuratu da; abenduak 29an hasi eta 30ean amaituko da. Horrez gain, aurten Artza frontoian jarri den sareari esker, zesta punta jaialdia antolatu da abenduaren 28rako. Eta, urtarrilaren 2 eta 3an, San Frantzisko Herri Ikastetxeko karpan jarriko den 50 metro linealeko Pump Track zirkuituan ibili ahalko dute zaleek; monitore baten laguntza izango dute bertaratutakoek. Mus zaleek ere, Gabonetako Mus Txapelketa izango dute abenduaren 27an, Artza frontoian.
Ekitaldi horiekin batera ume zein gazteentzako tailerrak ere antolatu dira eta Ludotekak eta Bekoportalek ere ekintza bereziak prestatu dituzte.
Bermeoko Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie herriko talde guztiei eta “ahalegin eta gogo handiz, Gabonetako egitarau potolo hau posible egiten duten pertsona guztiei, eta baita ere babesa ematen egoten diren Herri Babesako eta Gurutze Gorriko boluntarioei” gaineratu dute.
HITZ GUTXITAN
- Programa. Abenduaren 14tik urtarrilaren 5era arte ia berrogei jarduera izango dira Bermeon Gabonak ospatzeko.
- Berritasunak. Abenduaren 24an, gabon gaua girotzeko, kalejira bat egongo da ikastetxeetako LH3ko ikasleekin. Futbito txapelketa ere berreskuratuko da, eta zesta punta jaialdia ospatzeaz gain Pump Track zirkuito bat ere jarriko da.