Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoen bisitak izango dira Derioko Udalak prestatutako Gabonetako egitarauaren jarduera nagusiak. Urtero bezala, programa honek tradizioa, kultura eta entretenimendua uztartuko ditu hogei jarduera baino gehiagoren bitartez. Jarduera horiek abenduaren 13tik urtarrilaren 19ra bitartean garatuko dira.

Besteak beste, abenduaren 24an Olentzero eta Mari Domingiren harrera eta urtarrilaren 5ean Errege Magoen etorrera espero dira, herria magiaz eta familientzako alaitasunez beteko dituzten hitzorduak. Gainera, adin guztientzako lau antzerki emanaldi eta Untza Mendi Taldearekin mendira bi txango izango dira. Ez da faltako urtarrilaren 2tik 6ra bitartean zabalik egongo den izotz-pista arrakastatsua. Txikienek "Derio Olgetan" udal ekimenaz gozatu ahal izango dute. Ekintza horrek kiroldegiaren ondoko pistak dibertitzeko gune bihurtuko ditu ondorengo hiru asteburuak: abenduak 14-15 eta urtarrilak 11-12 eta 18-19.

Kultura ere protagonista izango da, abenduaren 13an Ipar Alde Abesbatzak eskainiko duen musika emanaldiarekin, Fernando Lorenzo idazle derioztarraren "Derio en el corazón" liburuaren aurkezpen literarioarekin, eta bestelako ekitaldi berezi eta hunkigarriekin, 1939an jaiotako Derioko adinekoen omenezko gala kasu. Urtarrilaren 17an egingo den Derioko IV. Kirol

Galaren sari-banaketak amaiera borobila emango dio jardueren egutegiari.

Programazio osoak Derioko Udalak jai ireki eta inklusiboak eskaintzeko duen konpromisoa islatzen du, non tradizioa publiko guztiei zuzendutako proposamen modernoagoekin lotzen den.

Olentzero, MariDomingi eta Errege Magoentzako online hitzorduak

Asteartean, abenduaren 24an, Olentzero eta MariDomingiren kalejira 17:00etan hasiko da Larrabarri Baserritik. Harrera Herriko Plazan izango da, goizez 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 18:30etik 20:00etara. Harreran parte hartzeko, nahitaezkoa izango da aldez aurreko hitzordua eskatzea Derioko Udalarenwebgunean, abenduaren 18tik 23ra.

Eta urtarrilaren 5ean, asteartean, Errege Magoen harreran prozedura errepikatuko da. Kantxa estalietan itxarongo zaie 18:30ean, Herriko Plazara 19:45ean iristeko. Harreran parte hartzeko, nahitaezkoa izango da aldez aurreko hitzordua eskatzea Derioko Udalaren webgunean, abenduaren 29tik urtarrilaren 4ra.

Antzerki emanaldietarako sarrerak udalaren webgunean erosi ahal izango dira abenduaren 18tik aurrera.