Gabonetan tokiko establezimenduetan erostea sustatze aldera, Galdakaoko Udalak martxan jarri du, Gu Dendari elkartearekin batera, erakusleihoen lehiaketaren lehenengo edizioa.
Ekimen honek aukera paregabea eskainiko die udalerriko merkatariei beren erakusleiho eta saltokietan urte osoan egiten ari diren lana ikusarazteko.
Ekintza hau Galdakaoko merkatarien lana balioesteko Udalak urte osoan egiten dituen ekintzei gehitzen zaie. Aintzatespen honekin batera, kalitatezko sariak emango dira kategoria guztietan.
Hau posible izateko, udalerriko saltokiek parte hartu dute. Lehenengo saria 3 eguneko bidaia izango da Londresera 2 lagunentzat; bigarrena eta hirugarrena, berriz, lau lagunentzako bazkaria Andra Mari eta Aretxondo jatetxeetan, hurrenez hurren.
Era berean, Sari Herrikoia ere izango da, eta irabazleak Roquechar dendako gourmet produktuen saski bat eramango. Izan ere, hiru sarituak baloratuko dituen epaimahaiaz gain, publikoak gudendari.eus webgunean ere bere erakusleiho gogokoenaren alde bozkatu ahal izango du. Nabarmentzekoa da botoa ematen duten pertsonak automatikoki sartuko direla Galdakaoko dendetako artikuluak biltzen dituen Super saski baten zozketan.
Bizkaidendak gala
Sari banaketa abenduaren 28an, larunbata, izango da Torrezabalen, 20:30ean, Bizkaidendak erakusleiho lehiaketaren 26. galaren baitan. Izan ere, Bizkaiko Merkataritza Elkarteen Federazioak Galdakaon egingo du lehen aldiz bere urteroko Gala, Gu Dendari eta Udalaren laguntzarekin.
Bertan herriko saltokien ‘Ez eman buelta gehiago, Galdakaon nahiago’ sustapen bideoa ere proiektatuko da. Honek Galdakaoko eskaintza komertzial anitza, merkatarien lana eta hauen ahalegina, eta hurbileko denda txikietan kontsumitzeak duen eragin positiboa nabarmentzen ditu.
Galdakaoko erakusleihoen lehiaketan izena emateko epea zabalik dago abenduaren 4ra arte. Elkartearen beraren bidez, formulario hau betez, info@gudendari.eus helbidean edo teléfono edo WhatsApp bidez 605 717 069 telefonoan egin daiteke. Bizkaidendaken lehiaketan izena emateko epea, bestalde, abenduaren 11ra arte egongo da zabalik.
Udalak bi lehiaketetan parte hartzeko deia egiten die Galdakaoko merkatariei. Era berean, kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egitearen garrantzia gogorarazten die herritarrei.