Ostegun honetan goizean, abenduaren 5ean, Gabonak ospatzeko prestatutako egitaraua aurkeztu egin du Abanto Zierbenako alkate Iñaki Urrutia del Curak eta Kultura, Jaiak eta Kirol zinegotzi Miren Pradak. Guztira, udalerriko hainbat elkarterekin batera, 40 jarduera baino gehiago eskainiko dituzte.
"Aurten ere, Abanto Zierbenak ondo baino hobeto ospatuko ditu Gabonak. Eta ez da gutxiagorako, urteko garairik gogoko eta politenetako bat da, eta Gabonetako giro eta espirituaren bitartez abantar guztiak gure herriaz eta gure ostalaritza eta merkataritzaz gozatzea nahi dugu" adierazi du Iñaki Urrutia del Cura alkateak. "Horretarako, askotariko programa bat garatzen saiatu gara, non hainbat elkarte eta udal arlo elkarlanean aritu diren Gabon magikoak lortzeko helburuarekin", gaineratu du Miren Prada Arroyuelos zinegotziak.
Gabonetako programa bihar, abenduak 6, arratsaldeko 18:00etan hasiko da, argiak eta Gabonetako zuhaitzaren piztearekin. Astelehenean, hilak 9, Olentzeroren gutunak udaletxearen aurrean uzteko postontzia jarriko da eta abenduaren 12an, 19:00etan, Gallartako Ekoetxea Meatzaldean Nowhere Planek The Beatlesen omenez akustikoan antolatutako musika jardunaldia izango da.
Abenduaren 13an, ostirala, 19:00etan, Gallartako Eusko gudariak plazan, Mari Domingi eta Raspuren harrera egingo da, txikientzako tailer eta gozokiekin. Larunbatean, hilak 14, berriz, egitarauko jarduerarik konpletoetakoa ospatuko da: Gabonetako azoka da, hain zuzen ere. Aurten, Dolores Ibarruri plazan egongo da (euria egiten badu, Gallartako Txikito pilotalekua), 11:30etik 20:00etara.
Abenduaren 16an Gabonetako Bonoa jasotzeko epea hasiko da (Tokiko Garapen Agentzian eta Las Carreraseko udal bulegoan hartu ahal izando da urtarrilaren 6ra arte). Eta abenduaren 18an, 18:00etatik 21:00etara, Gabonetako sukaldaritza tailerra egingo da gizonentzat (izen-emateak abenduaren 16ra, Berdintasun arloan). Hurrengo egunean, abenduaren 19an, 19:00etan, Paduako San Antonio elizan, Bodegón abesbatzaren, Sanfuenteseko emakumeen abesbatzaren eta Zugaztietako Elizpe abesbatzaren emanaldia ospatuko da.
Ostiralean, abenduak 20, besteak beste, urteko kirol ekitaldi garrantzitsuenetako bat ospatuko da: Gabonetako esku pilota eta pala txapelketako finala, Gallarta Pelotazaleren eskutik. Gallartako Txikito frontoian izango da arratsaldeko 19:30etan.
Eta abenduaren 24an, asteartea, haurrek urteko bisita desiratuena jasoko dute. 11:30etik 13:30era Olentzero Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan egongo da eta 12:30etik 14:00etara Las Carreraseko Montaño Aretoan. Arratsaldean, 17:30ean, Olentzeroren jaitsiera hasiko da Las Carreras auzoetan barrena; 18:00etan Sanfuentesetik igaroko da eta 18:30ean Eusko gudariak plazara iritsiko da Aldatz Gora fanfarrearekin.
Urtero bezala, haurrek primeran pasatu ahal izango dute eta Gabonetako oporrak gozatu ahal izango dituzte Gallartako Txikito frontoian abenduaren 26tik 30era 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo den Gabonetako haur-parke handian.
Abenduaren 27an, Ekoetxea Meatzaldea galaz jantziko da X. Meatz pintxo lehiaketaren, XXV. Gabonetako erakusleihoen eta interiorismoaren lehiaketaren eta V. Gabonetako kanpoaldeko dekorazio lehiaketaren sariak banatzeko.
Eta, ohi bezala, urtea behar den moduan agurtzeko, abenduaren 31n, txikienek 2024ari agur esan ahal izango diote 12:30ean Las Carreraseko Haritzalde plazan, Gallartako Eusko gudariak plazan eta Sanfuentesko frontoian egingo diren kotiloietan.
Azkenik, Gabonetako ospakizunari amaiera emateko, urtarrilaren 5ean Errege magoek Abanto Zierbena bisitatuko dute, karroza ikusgarrietan igota eta pajeekin batera. 18:00etan Las Carreraseko kaleak zeharkatuko dituzte, 18:45ean Sanfuentesekoak eta 19:30ean Gallartakoak. Kasu guztietan frontoietan egingo dira harrerak.
Aipatutako ekitaldiez gain, jarduera gehiago daude programatuta familiek dibertimenduz eta zoriontasunez beteriko Abanto Zierbenaz goza dezaten, besteak beste: dantzak, jaiotza ikusteko bisitak, igeriketa sinkronizatuaren erakustaldia, dantza plaza, Musika eskolako entzunaldiak, Gabonetako txaranga...
Azkenik, Iñaki Urrutia del Cura eta Miren Prada Arroyuelosek “herritarrei dei egiten diegu maitasun osoz eta lan handiz aurrera ateratzea lortu dugun ekitaldi hauetan parte hartzeko. Espero dugu txikiek, gazteek eta helduek egun berezi hauetaz gozatzea, haien gustuetara egokitzen diren ekitaldi eta jardueretan parte hartuz. Gabon zoriontsuak opa dizkizuegu. Zorionak eta urte berri on!" agurtu dira.
Gabonetako azoka
Aurreko edizioaren arrakastaren ondoren, aurten ere, Udalak Abanto Zierbenako Gabonetako merkatuaren edizio berri bat antolatzearen aldeko apustua egin du. Oraingo honetan Dolores Ibarruri plazan ospatuko da abenduaren 14an, larunbata, ordutegi jarraituan, 11:30etatik 20:00etara. Azoka honek hainbat postu izango ditu, eta Gabonetan ohikoak diren era guztietako artikuluak aurkitu ahal izango dira bertan, hala nola dekoraziorako gaiak, artisautza, gozokiak, gaztak, ardoak, kabak, uxualak eta beste destilatu batzuk, masa amadun ogiak, turroiak, marmeladak eta askoz gehiago.
Gainera, abantar gazteenek txoko berezia izango dute krispetak, azukre-kotoia, txokolate beroa eta hainbat cupcake eta galletak egiteko tailerretan. Era berean, berrikuntza gisa, aurten edarien eta gozokien dastatze marinatuak antolatu dira. Jardunaldia, gainera, zuzeneko musikaz girotuko da. Aipatu behar da bai haurrentzako bai dastatze tailerretarako ezinbestekoa izango dela aldez aurretik izena ematea.