Bizkaiko Foru Aldundiak 20 milioi inguruko inbertsioa egingo du Artxandako tunelak konpontzeko eta modernizatzeko lanak egiteko. Obra horien lehenengo fasea astelehen honetan, abenduaren 2an, hasi da, Ugasko eta La Salve zubiaren arteko tunela egokitzearekin. Lehenengo fase horren aurrekontua 4,4 milioi eurokoa da.

Aurreikusitako lanen helburuak hainbat dira: azpiegituraren segurtasuna eta erresilientzia indartzea, argiztapena hobetzea —horretarako, egungoaren ordez LED jarrita—, eta segurtasun-sistemak modernizatzea, hala nola gorabeherak automatikoki detektatzea eta gas-detektagailuak. Planifikatutako jarduketen barruan, berrikuntza-proiektu pilotu bat jarriko da abian, tunelen jasotze digitala egiteko, azpiegituraren BIM as built eredu bat eraikitzeko, Interbiakek kudeatzen dituen azpiegituren biki digitalean txertatzeko, bai eta drainatze-sistemaren proiektu bat ere, errepideetako uren inpaktua inguruko ibai-ibilguetara murrizteko.

Artxandako tunelak 2002an jarri ziren martxan, eta estrategikoak dira hiriburuaren inguruko mugikortasunerako, Bilbo Txorierrirekin, aireportuarekin eta Bizkaiko Teknologia Parkearekin lotzen baitu. Hiru tunelotan 30.000 ibilgailu ibiltzen dira egunean, batez beste:

Faseka jardutea

Konponketari hurrenez hurreneko faseetan ekingo zaio, eta Ugasko eta La Salveko zubia lotzen dituen tunelean hasiko dira lanak. Obra hori amaituta —lau hilabete barru izango dela kalkulatu da— Ugasko-Txorierri tunela konpontzea programatuko da, eta, ondoren, trafiko handiena duen galeriari helduko zaio, Salve zubia eta Txorierri lotzen baititu.